argia.eus
INPRIMATU
Europarlamentuak ezetz esan die kutsatzaile hormonalak definitzeko Batzordearen irizpideei
  • Estrasburgon egindako saioan, Eurolegebiltzarrak ezetz esan dio kutsatzaile hormonalak definitzeko Europako Batzordeak –saiakera askoren ostean–  aurkeztutako irizpide sortari. Batzordearen testuak zientzialari ugariren kritikak jaso ditu, hala nola Europa osoko talde ekologista eta kontsumitzaile elkarteenak, herritarren osasuna babesteko nahikoa ez delakoan.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko urriaren 05
Besteak beste pestizidetan zer substantzia debekatu erabakitzeko baliatuko da kutsatzaile hormonalen definizio berria. (Arg.: elherbolario.com)

389 eurodiputatuk bozkatu dute Batzordeak lau urte eta erdiko atzerapenez aurkeztutako proposamenaren aurka, eta 235ek alde. Honenbestez, disruptore endokrino edo kutsatzaile hormonalen definizio-irizpide berriak garatu eta ostera ere Parlamentuari aurkeztu beharko dizkio Bruselak. Behin irizpideok onartuta, haien arabera disruptoretzat sailkatutako substantziak ezin izango dira gehiago erabili pestizida eta herbiziden osagai modura. Espero da debekua beste kontsumo-artikuluetara zabaltzea ondoren: jantziak, jakien estalkiak, kosmetikoak… Zientzialariak aspalditik ohartarazten ari dira nonahi daudela gaitz larri askoren eragile izan daitezkeen konposatu horiek.

Sistema endokrinoa aztertzen duten medikuen nazioarteko elkarte batzuek publikoki agertu dute kezka Europako Batzordeak proposatutako definizioa dela-eta, oinarri zientifiko eskasekoa eta herritarren osasuna babesteko ez-nahikoa delakoan. Izan ere, proposamenak baldintza gehiegi ezartzen du substantzia disruptore endokrinotzat jo ahal izateko.

Bestalde, aurkeztutako proposamena legez kanpokotzat jo dute berriki zabaldutako bi txosten juridikok. Arrazoia da proposamena osatzeko Batzordeak bere kasa moldatu duela Europako hiru erakundek (Batzordeak berak, Eurolegebiltzarrak eta Europako Kontseiluak) kontsentsuz osatutako araudi bat. Zenbait iturriren arabera, lege-urratze hori izan da Legebiltzarraren gehiengoak ustekabean eman duen ezezkoaren zergatia.