Lurra ez da mugarik gabeko hornitzailea, iturria lehortzen ari gara eta okerragoa dena, ez dakigu zenbateko abiaduran, kalkuluak gardenak ez direlako. Ian Fitzpatrick ingurumen arloan lan egiten duen antropologoak New Internationalisten idatzi duenez, landa-lurren arpilatzea eteteko moduak badira ordea.
Adam Smithek 1776an Nazioen aberastasuna idatzi aurretik, Fisiokrata izenez ezagunak ziren ekonomialari talde batek ekonomia klasikoaren oinarriak ezarri zituen, lurra deskribatuz aberastasunaren iturri bakar gisa. Smithen obra ezaguna lanaren banaketan eta ekonomia industrialaren garapenean fokatu zen eta zokoratu egin zuen fisiokrazia. Hala eta guztiz ere, fisiokraziaren oinarrizko printzipioak –bizitza, azken buruan, lurrak daukan gaitasunaren menpe dagoela, materialak emateko, hondakinak xurgatzeko eta bere burua berritzeko–, gaur egun inoiz baino egokiago dirudite.
Gutako asko oso kezkatuta gaude gure sistema ekonomikoak planetari eta gizarteari egiten dion kalteaz. Badakigu gehiegi kontsumitzen ari garela eta obesitate epidemikoari aurre egiten diogula, janariaren proportzio handi bat botatzen dugula, gure aztarna ekologikoa Lurraren bio-gaitasunaren gainetik dagoela (behar dugun guztia eman eta gure hondakinak irensteko gaitasunaren gainetik); badakigu munduko biodibertsitatea %30 gutxitu dela 1970etik (…). Baina zifra ikaragarri horiek gure kontzientzian sartu atera dabiltza olio orbana bezala.
Populazioaren hazkundea, elikagaien eskaria biderkatzea, bioerregaiak, zura, mineralak, espekulazio finantzarioa eta frackinga batu eta mundu osoko landa-lurretan trumilka sartzea etorri da. Kalkuluen arabera, 82,3 milioi hektarea erosi dituzte azken hamar urteetan atzerriko inbertitzaileek garapen bidean diren herrialdeetan, munduko landa-eremuaren %1,7 gutxi gorabehera. Bien bitartean, lurrak bereganatzeko prozesu honen benetako eskala ezezaguna da transparentzia faltagatik.
(…)
Europak sei aldiz landa-lur gehiago inportatzen du esportatzen duena baino, 33 milioi hektarea inguru Txinan, 19 milioi hektarea Brasilen eta 12 milioi hektarea Argentinan, bere nekazaritzako beharrizanak hornitzeko. Estimazioek diote basogintzako produktuetarako lurrak gehituz gero, Europar Batasunaren (EB) aztarna ekologikoa lurrari dagokionez bikoitza baino gehiago litzatekeela, 600 milioi hektarearaino (EBren azalera eta erdi handiagoa, hortxe-hortxe).
Lurreko baliabideen dependentzia horrek esan nahi du EBk zuzen-zuzenean lehiatzen duela tokian tokiko jendeen lur premiekin. Lurraren baliabideak geroz eta mugatuago, haiek lortzeko konpetizioak, dudarik gabe, gatazken suak piztuko ditu ekonomikoki edo politikoki ezegonkorrak diren herrialdeetan eta horrek, era berean, hornidura kate funtsezkoak etetea ekar lezake.
(…)
Hainbat talderen koalizioa (Friends of the Earth, ActionAid, Birdlife, Biofuelwatch, Compassion in World Farming eta European Environment Bureau), elkartu da Europako gobernuei eskatzeko eta EBri osotasunean, Europaren lurreko aztarna ekologikoa gutxitzeko. Hidden impacts txosteneko aurkikuntzetan oinarritu dira lurreko aztarna ekologikoa, karbono-aztarnak eta beste kalkuluak izan daitezen neurketa horren abiapuntua. Arrazoitu dutenez, gure beharretarako premiazko ditugun lur kopuruak gutxitzeko, zenbat erabiltzen dugun neurtzen hasi behar dugu.
(…)
Baliabideen neurketa argiagoek ekar dezakete efizientzia handitzea, hondakinak gutxitzea, baliabideen segurtasuna handitzea eta lanpostuak sortzea industria eraginkorragoetan. Lurreko aztarna ekologikoen indarra da, aukera ematen digutela gure kontsumo behar patologikoen eta Lurrak horiek asetzeko daukan gaitasun geroz eta txikiagoaren artean zuzenean ekiteko.