Mikel Jauregi Industria sailburuaren ustez, euskal enpresek “lan ona” egin dezakete Europaren “segurtasun estrategia babesten”. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak, berriz, berrarmatze asmoek “aukera berriak” ekar ditzaketela nabarmendu du.
Europako elite eta agintariek plan bat daukate mahai gainean, armetan diru publiko mordoa gastatzeko: 800.000 milioi euro izan daitezke, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esandakoaren arabera. Kontinente osoaren berrarmatze eta militarizazio arriskutsu hori, pagotxa izan daiteke gerraren negozioan sartuta dauden enpresentzat.
Gerra "digitalak"
Baina instituzioek ere aitortu dute “aukera” hori baliatu nahi dutela. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuen ustez Europak bere burua babesteko eskubidea du. “Zergatik ez gara defendatuko?”, galdetu du egoera geopolitikoa hizketagai, eta horrekin batera azpimarratu du “Euskadik bere ahalmen industrial eta teknologikoa” jar dezakeela Europaren “segurtasun estrategiaren” zerbitzura.
Jauregi sailburuak entzuleei eskatu die erreparatzeko momentu honetan “zer nolako gerrak” dauden munduan: “Gero eta digitalagoak dira”
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, sailburuak entzuleei eskatu die erreparatzeko momentu honetan “zer nolako gerrak” dauden: “Gero eta digitalagoak dira”, esan du. Zentzu horretan, zibersegurtasunaren arloan euskal enpresek “izugarrizko muskulua” dutela nabarmendu du: “Zergatik ez guk ildo horretan jarraitu gure hazkundea?”.
Suediako Upssalako Unibertsitateak emandako datuen arabera, Ukrainako gerra duela hiru urte hasi zenez geroztik 172.000 eta 420.000 lagun artean hil dira borroken ondorioz.
Armagintzaren “aukera berria”
Jauregi ez da, Europako diskurtso belizistaren baitan, euskal enpresen negozio aukerak aipatzen dituen Jaurlaritzako lehen kargua. Pasa den otsailean, Mikel Torres lehendakariordeak armagintza-industria sustatzeko Jaurlaritzaren “konpromisoa” adierazi zuen Fórum Europa-Tribuna Euskadi foroan.
Zentzu berean hitz egin du gobernuaren bozeramaile Maria Ubarretxenak: “Europak ez dauka beste erremediorik defendatzea baino. (...) Defentsa horretan aukera berriak egon daitezke gure industriarentzat, gure herriarentzat, eta uste dugu hori ere aprobetxatu egin behar dugula”, adierazi du Euskadi Irratian.
Herritarrak kontrako norabidean
Gerraren eta militarismo hotsen aurrean, herritarrak, beste norabiderantz mobilizatzen hasi dira ordea. Otsailaren 24an, esaterako, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkarretaratzeak egin zituzten hainbat talde eta plataformak deituta, Gerra eta militarismoari ez! lelopean.
Hain zuzen, mugimendu antimilitaristak Euskal Herriko produkzio militarraren “moldaketa eraldatzailerako” proposamena aurkeztu du berriki, Zigor Olabarriak Armagintza moldatu, gizartea eraldatzeko izenburua daraman Larrun monografikoan azaldu bezala.