argia.eus
INPRIMATU
Europaren berrarmatzearen aurkako manifestua sinatu dute Espainiako Estatuko dozenaka erakunde eta pertsona ezagunek
  • “Ez dugu gerraren aurrean etsi nahi, ez dugulako hilerrietako bakea nahi”, dio manifestuak, eta agintariei irtenbide politiko baten alde lanean jartzeko eskatu diete. Sinatzaileen artean daude Delàs institutua, Gernika Gogoratuz edo Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartea, beste askoren artean. Europako Batzordeak “krisi garaietarako” bere plana aurkeztu duen egun berean egin dute publiko testua.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko martxoaren 26a
NATOren maniobrak Bardeetako tiro poligonoan. Espainiako Armada

Dozenaka erakunde eta pertsona ezagunek manifestua egin dute publiko asteazken honetan, Ez dugu etsi nahi gerraren eta Europako berrarmatzearen aurrean izenburupean. Agintariek darabilten hizkera belizistaz eta asmo militaristez ohartarazi nahi dute sinaturiko testuan, eta salatu dute Europako gobernuek herritarren arteko eztabaidarik gabe eta gardentasunik gabe onartu nahi dutela gastu militarraren “igoera neurrigabea”.

Manifestua gaztelaniaz, euskaraz, katalanez, galizieraz eta asturiarrez argitaratu dute, eta Delàs Bakearen Ikerketen Institutuaren webgunean dago irakurgai, besteak beste. Sinatzaileen artean daude Delàs institutua bera, Greenpeace, Gernika Gogoratuz, Gerraren Aurkako Beltzez Jantzitako Emakumeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Alboan fundazioa, Hegoa, ATTAC eta beste erakunde asko. Gainera, zinemagintzan, mundu akademikoan eta zientzietan ezagunak diren pertsona ugarik ere sinatu dute testua, hala nola Aitana Sánchez-Gijón, Javier Bardem edo Gorka Otxoa aktoreek, Montxo Armendariz zinemagileak, Carlos Taibo zientzia politikoetako irakasleak, Yayo Herrero eta Amaia Pérez Orozko ekonomialari feministek, Helena Maleno aktibistak edo Fernando Valladares ingurumen zientzialariak, besteak beste.

Dirua hezkuntza eta osasunerako, ez tankeetarako

Kezkatuta daude Europan egin nahi den berrarmatze estrategiarekin: “Ez du bakea ekarriko, ez du distentsioa ekarriko, gerrara gehiago hurbilduko gaitu” diote. Eta halako testuinguru militaristek “eskubide, askatasun eta gizarte-politiketan atzerapausoak” dakartzatela gogorarazi dute, gizartean “alarma eta beldurra” eraginda.

“Akaso inteligenteagoa, landuagoa eta onduagoa al da sinestea gerra haizeak, hizkera belizistak eta armen alde egiteak etorkizun hobea ekarriko duela?”

Euren ustez, “kalitatezko osasun eta hezkuntza publikoak bermatzen duen segurtasuna” da herritarrek orain behar dutena. Horregatik, argi adierazi dute ez dutela nahi Europa eta AEBetako “elite belizistek” dirua tanke, ehiza-hegazkin, fusil eta misiletan gastatzerik, baizik eta ospitale, eskola eta unibertsitateetan: “Behar dugun benetako segurtasuna bizi-segurtasuna da”.

Iraganean gerraren kontra Espainiako Estatuan izandako mugimenduak aipatu dituzte, izan José María Aznarren gobernuak “legez kanpo” Irakeko gerran sartzeko hautua egin zuenean egindako manifestazioak edo NATOren kontrakoak. Zentzu horretan, herritarrek politika antibelizisten aurka duten konpromisoa irmo erakutsi izan dutela diote. Hala, ez zaie iruditzen bakea eta justizia soziala defendatzea “inozoa, sinplista edo naifa” denik: “Akaso inteligenteagoa, landuagoa eta onduagoa al da sinestea gerra haizeak, hizkera belizistak eta armen alde egiteak etorkizun hobea ekarriko duela?”.

“Klima belikoak bulego erosoetan diseinatzen dira, baina ondorioak herriek jasaten dituzte”, diote, eta manifestuak amaitzen du agintariei eskatzen bakearen aldeko lanari ekiteko: “Exijitu egiten diegu”.

NATOko defentsako buruen bilera Bruselan, urtarril honetan. NATO

Europako Batzordearen plana: gerraren kontrako kit bat

Asteartean hainbat hedabidek aurreratu moduan, Europako Batzordeak asteazken honetan aurkeztu du “istripu, hondamendi eta gerra” handien kontrako bere plana. Finlandiak Gerra Hotzetik gordeta zeuzkan esku-orri batzuen ereduari jarraiki, Europar Batasuneko herritarrei eskatuko die eduki dezatela 72 ordutan “bizirauteko” oinarrizko lehengaien kit bat etxean (ura, janaria, botikak...).

Ursula Von der Leyen Batzordeko buruak duela aste batzuk iragarri zuen 800.000 milioi euro gastatuko dituela enpresa eta konpainia erraldoiei munizioa eta armak erosteko, Errusia eta Ukrainaren arteko gerra dela-eta AEBetako Gobernuak izandako jarrera aldaketa argudio gisa erabilita. Hala, Brusela, ustezko gatazka handi baten beldurra haizatzen ari da, gerra propagandaren diskurtsoa bere eginda.