argia.eus
INPRIMATU
Europarekiko “galderak sortu eta erantzun asmoz” jardunaldiak antolatu ditu Askapenak Iruñean
  • Azaroaren 15 eta 16an hitzaldi ugari antolatu du erakunde internazionalistak nazioarteko hainbat gonbidaturekin. Egungo Europaren eta Europar Batasunaren inguruko gatazkez arituko dira.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko azaroaren 12a
Nazioarteko jardunaldien aurkezpeneko irudia. (Argazkia: Askapena)

Nazioarteko jardunaldiak Iruñeko Katakrak-en antolatuko ditu Askapenak. Azaroaren 15 eta 16rako egitarau zabala prestatu dute, "Europar Batasunaren eta Troikaren ofentsiba neoliberalari" nola egin aurre lantzeko. Hitzaldietara eta larunbatean antolatuko duten bazkarira joateko aldez aurretik izena ematea eskatu dute. Jardunaldien webgunean egin daiteke. Iraitz Gesalaga Askapenako kideak ARGIArekin hitz egin du jardunaldien inguruan:

Europa berri baten eraikuntza dute ardatz jardunaldiek, nola bideratu baina?

Ez da erraza, asko dugu ikasi, hausnartu eta eztabaidatzeko. Bere sorreratik elite ekonomiko eta politikoen interes inperialisten mesedetara dagoen egitura politiko, ekonomiko eta militar bat eraldatzeaz ari gara hitz egiten. Hain zuzen ere, jardunaldien helburuetako bat horixe da: galderak sortzea, eta, posible den neurrian, guztion artean erantzunak ere proposatzea. Aliantzetan sakontzen jarraitu behar dugu kontinentean bizi garen mugimenduen artean, elkar ezagutu, diagnostikoak elkarbanatu eta batera-jotzeak eginez. Eztabaidarako espazio bat eskaini nahi dugu.

Europaren gaitzak. Nola landu nahi dituzue?

Dagoeneko kontinentea zeharkatzen duen faxismoaren gorakada eta migrazioen aferak lekua izango dute jardunaldietan, prozesu hauek aztertzea ezinbestekoa dela uste baitugu alternatiba integral bat proposatzen hasteko. Bestalde, EBren mugak, aukerak eta arriskuak zein diren jakiteko aukera izango dugu, herrion burujabetzarako Europar Batasunaren alternatiba eraikitzeko beharraz arituko gara.

Europa, xenofobia eta faxismoa. Hiru hitzak batera sarri agertzen zaizkigu.

Kapitalismoaren egungo fasea hilzorian dago. Finantza krisiak gero eta maizago gertatzen dira, eta munduak polarizaziorako joera du. Honek, klase ertainaren proletarizazioak eta ziurgabetasunak bide ematen diete faxismoari, identitate politika baztertzaileei, burgesia kapitalista berrindartzea bilatzen duten neurri protekzionistei eta migrazio politika bortitz eta xenofoboei. Elkarren arteko babes sareak, antolakuntza eta borroka antifaxista dira gure zilegizko autodefentsa antolatzeko formula bakarrak.

Begirada Europatik haratago ere jarriko duzue.

Alde batetik, oso interesgarria iruditzen zaigu mundu mailan dagoeneko antolatuta daudendiren bestelako integrazio motak ezagutzea. Panarabismoa, Panafrikanismoa, Konfederalismo Demokratikoa edota integrazio latinoamerikarra azalduko dituzten kideak izango ditugu honetarako, beraien lurraldeetan martxan ari diren proiektuak ezagutzeko.