argia.eus
INPRIMATU
Europara iritsi nahi zuten 74 pertsonaren hilotzak agertu dira Libiako kostaldean
  • Mediterraneoa zeharkatuz Europara joan nahi zuten 74 lagun, horietako asko umeak, hilik agertu dira Libiako itsasertzean, Ilargi Gorria erakundeak jakinarazi duenez. GKEaren esanetan, hildakoak bi egun lehenago itsasoratu ziren ontzi puzgarri batean, desagertutako beste 36 pertsonarekin batera. Hildakoak Afrikako hainbat herrialdetakoak ziren.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 21a

Libiako kostazain zerbitzuaren berbetan, pertsona trafikatzaileak ontzi puzgarriak erabiltzen hasi dira, handiagoak, jende gehiago eraman ahal izateko Europara. Ontzi sendoak dira, baina arriskutsuagoak dira olatu handiak daudenean.

Joan den larunbatean, otsailak 18, kostazainek noraezean zihoazen beste 186 lagun atera zituzten itsasotik, hildakoak agertu diren inguru bertsuan. Hainbat iturrik adierazi dutenez, Tripoli eta Tunisiako mugaren arteko kostaldea trafikatzaileek gehien erabiltzen duten eremuetako bat da duela bi urtetik hona.

Migrazioen Nazioarteko Erakundeak, berriz, jakinarazi du 2017 hasi zenetik 13.100 pertsonak lortu dutela Europara modu irregularrean iristea, eta denbora tarte berean 275 inguru desagertu direla itsasoan.