Asteartean Kataluniako poliziaren sarekadan hildako lagun senegaldarraren heriotzak eztabaida handia sortu du. Kataluniako Espacio del Immigranteko kide Estafania Quilez elkarrizketatu dute Info7 irratian.
Nahiz eta hilketaren autoretza Mossoei leporatzeko froga sendorik ez dagoen, Quilezek poliziaren bertsio ofiziala ezbaian jarri du, bere ustez atxilotutakoa immobilizatzerako orduan ezin baita paretarik ez daukan balkoi batean egin.
Quilezek gaineratu du hildako lagunaren jatorri senegaldarra medio, dudak sorrarazten dizkiola astearteko gertakariaren “boom mediatikoak” zenbat iraungo duen.
Europan ere bizitza prekarioa
Espacio del Immigranteko kideak esan du, etorkinak Europan demokrazia dagoela pentsatzen dutela: “Ezin dute imaginatu ere egin baldintza txarretan bukatuko dutela”
Saltzaile ibiltariek hilean irabazten dituzten 50 edo 100 euroen erdia beraien jatorrizko etxeetara bidaltzen dituztela esan du Quilezek, beren senideek ez baitakite zein baldintza prekarioetan bizi diren. Guzti honi paperik gabe egotearen egoera legal kezkagarria gehitu behar zaio.
Etorkinen papera goraipatu du Quizalek eta daramaten bizitzarengatik, “Superemakume eta supergizon” bezala kontsideratu ditu. Etorkinen aurkako poliziaren krudelkeria salatzeaz gain, immigrantea “subjektu politiko gisa” kontsideratu behar dela uste du Quizalek.
Espacio del Immigrante taldearen helburua etorkin eta komunikabideen arteko zubia egitea da, besteak beste, etorkin berari eman behar baitzaio hitza.
Etorkinen aurkako jazarpena
El diario egunkariak “Top mantan” aritzen diren bi lagun elkarrizketatu ditu: Izen faltsua ematen duen paperik gabeko etorkin batek dio “Bizirauteko alternatiba bakarra, lapurtu edo droga saltzeaz aparte, “mantan” ibiltzea da”.
Egunerokotasunean poliziatik ihesi ibiltzea da “Omar” senegaldarraren errutina: osasun zentro batean medizinak eskatu behar izan zituen poliziaren jazarpenak lo egiten uzten ez ziolako.
Salmenta ibiltaria kartzelarekin zigortuta
Pasa den uztailaren 1ean indarrean sartu zen Mozal Legearen 153.3 artikuluak dio: ”produktu faltsifikatuen salmenta ibiltaria sei hilabetetik bi urtera bitarteko kartzelarekin zigortua izango da”.