argia.eus
INPRIMATU
Andoni Garcia (EHNE-Bizkaia)
“Europar politika aldatu ezean arriskua dago esnearen merkatua guztiz lehertzeko”
  • Europako Batzordeak esnearen merkatuaren egoera egonkortzeko diru-laguntza sorta aurkeztu du. Besteak beste, 150 milioi euro bideratuko dituzte 2016ko azken hiruhilabetekoan ekoizpena beren kabuz gutxitzea erabakitzen duten ekoizleei ordaintzera: 14 zentimo, ekoizteari utzitako litro esneko.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko uztailaren 22a

Gogora ekarri behar da kuota sistema bertan behera uzteak ekoizpena asko handitzea eta prezioak asko jaistea eragin duela (ikus Esne ekoizleak Europako merkatu librean gatibu erreportajea, 2016ko martxoaren 3koa). Horrek kaltea eragin die batez ere Europako zenbait eskualdetako ekoizleei, baita Euskal Herrikoei ere.

Espainiako Estatuko nekazari eta abeltzain elkarteen federazioak, COAGek, tranpatzat jo du Batzordearen neurria. “Ezkutuko plan bat da, ustiategiak itxi daitezen eta ekoizpena deslokalizatu dadin, Europa erdi eta iparraldeko ekoizleen mesedetan. EHNE-Bizkaiako Andoni Garciak azaldu digu COAGen ikuspuntua:

  • “Europako Batzordeak ez du gogo onez egin proposamena, nahiago lukete merkatuak bere burua erregulatu eta ekoizpena doitzea. Alegia, ustiategi kopurua gutxitzea. Baina denek ez dituzte aukera berdinak merkatu horretan. Ekoizpena murrizteagatiko laguntzak eskatuko dituztenak, noski, industriaren politiken erruz zailtasun handienak dituztenak dira. Horiek dena uztera bultza ditzakete”.
  • “Lehengo kuota sistema ez zen perfektua, baina babes handiagoa eskaintzen zigun abeltzainoi. Orain enpresa batek erabaki dezake ekoizle bati gehiago ordaintzea eta aldamenekoari gutxiago, eta ez dago jokabide hori mugatuko duen araurik”.
  • “Hego Euskal Herriko egoera, txarra bada ere, ez da Kantauri arroan oro har dagoena bezain larria. Jende asko oso gaizki ari da pasatzen, litroko 25 zentimo inguru kobratuz (ekoizpen kostuak 35 zentimokoak dira), baina beste batzuek arnasa gehiago dute, batetik Kaiku kooperatibak dituen zenbait akordiori esker (30 zentimo ari dira ordaintzen), eta besterik Bizkaia eta Euskal Herria marken politikari esker (40 zentimo). Prezio txikiak dira, baina ez hain txarrak. Hala ere, europar politika aldatu ezean arriskua dago merkatua guztiz lehertzeko eta marka horiek ere ezin jarraitzea prezio horretan ordaintzen”.      
  • “Ekoizpena gutxitzea ez litzateke boluntarioa izan behar, derrigorrezkoa baizik. Gaur egun soberakina sortzen ari direnek murriztu beharko lukete produkzioa”.