argia.eus
INPRIMATU
Europar industria farmazeutikoak ez du TTIPen aukera alferrik galdu nahi
  • Lobbyen jarduna hurbiletik jarraitzen duen Corporate Europe Observatory (CEO) elkarteak Europar Batasuneko farmazia-industriari buruzko Policy prescriptions txostena aurkeztu du. Diotenez, 2014an sektore farmazeutikoak gutxienez 40 milioi euro gastatu zituen euren aldeko politikak sustatzeko saiakeran, osasungintzaren alorrean diharduten gizarte zibileko taldeek baino hamabost aldiz gehiago.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko irailaren 03a
Policy prescriptions (Politiken preskripzioa) txostenaren azala.

40 milioi horietatik, 23 milioi konpainiek eurek zuzenean gastatu zuten. Gainerakoa, erdibana, konpainia bat baino gehiagok osatutako elkarteek eta haientzat lan egiten duten lobby-enpresek.

Kopuruok aitortutakoak dira, hau da, EBren Gardentasun Erregistroari adierazitakoak. CEOren ustez, baliteke benetako zifra handiagoa izatea, erregistroari egindako gastuaren berri ematea borondatezkoa baita, eta konpainiek arlo horretan duten gastua inork ez baitu zehazki neurtzen.    

Txostenaren arabera, farmazeutikoen lobby lana areagotu egin da EB eta AEBen arteko merkataritza eta inbertsio itunaren (TTIP) negoziazioak hastearekin batera: “Industria farmazeutikoak uste du TTIP bere asmoak lortzeko aukera dela”, dio CEOk. Hala, industriaren ordezkari ugari sarritan bildu dira Europako Batzordeko kideekin, euren nahiak agertzeko asmoz.

Besteak beste, konpainiek nahi dute TTIPek jabetza intelektualari buruzko araudia gogortzea, eta hala, sendagai jakin baten monopolioa izateko eskubideak luzeago irautea. Horrek sendagai generikoen merkaturatzea atzeratuko luke eta eragina edukiko luke botiken prezioan. Ondorioetako bat izango litzateke pertsona askorentzat zailagoa izango litzatekeela zenbait sendagai eskuratzea, batez ere Hegoalde Globaleko herrialdeetan, baina Europan ere bai.   

Bestalde, 2016an indarrean sartzekoa den probasaio klinikoei buruzko araudia mugatu nahi du industriak. Araudi horren ondorioz, konpainiek gardentasun handiagoz jokatu beharko dute probasaioetan lortutako emaitzei dagokienez. Haien argudioa da sendagai berrien gaineko zenbait datu zabaltzeak merkataritza-sekretuari kalte egin diezaiokeela.

Halaber, konpainia farmazeutikoek TTIP baliatu nahi dute medikamentuen prezioari buruzko erabakietan parte hartze zuzenagoa izateko.