argia.eus
INPRIMATU
Europar Batzordeak sendagai generikoak saltzea oztopatu nahi dio Indiari, salatu dutenez
  • Europar Batasuna eta India Merkataritza Librerako Akordioa (MLA) prestatzen ari dira –hilabete honetan bertan guztiz amaituta egon liteke–, eta hainbat GKEk adierazi dutenez, Europar Batzordea presioa egiten ari da Indiak sendagai merkeak fabrikatu eta esportatzea oztopatzeko.

Unai Brea @unaibrea2 2013ko apirilaren 11
"Sendagai merkeen kontrako erasoa" salatzeko herenegun Bruselan egindako mobilizazioa. (Bruno de Cock / MGM)

Indiako Auzitegi Gorenak bertako Gobernuaren aldeko epaia eman berritan dator salaketa, Novartis konpainia farmazeutikoaren kontrako aferan.

Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak bere webgunearen bitartez esan duenez, MLAren negoziazioak sekretupean egiten ari badira ere, filtratu diren hainbat dokumentuk aditzera ematen dute Europar Batzordea gogor ari dela presionatzen, Indiak ahalik eta botika merke gutxien ekoitzi eta zabaldu ditzan. “Garapen bidean dauden herrialdeetako milioika lagunentzat beharrezkoak dira sendagai horiek”, adierazi dute GKEko ordezkariek. Europa osotik joandako ekintzaileek jarrera horren kontrako mobilizazioak egin zituzten herenegun Bruselan.

EBk eragotzi nahi du Indiak garapen bidean dauden munduko herrialdeen “farmazia” izaten jarraitu dezan, esan zuen Oxfam elkarteko Leïla Bodeuxek. “Munduan GIB birusaren kontra erabiltzen diren sendagaien %80 Indiatik dator”, gehitu zuen Bodeuxek, “eta EBk lortzen badu akordioan txertatu nahi dituen xedapenak txertatzea, milioika lagunentzat ezinbestekoa den medikamendu hornidura etengo du”.

Mugarik Gabeko Medikuak-en arabera, EBk ezarri nahi dituen neurrietako bat litzateke edozein sendagai generikoren esportazioa geldiaraztea, konpainiaren batek patentea errespetatu ez dela argudiatuz gero. Gogoratu behar da Indiak bere Patente Legea moldatu zuela, besteak beste industria farmazeutikoaren abusuak eragozteko. Hala, indiar legeak dio ezin direla patentatu dagoeneko existitzen diren sendagaien aldaerak. Artikulu horretan oinarritu zen bertako Auzitegi Gorena, Novartisi arrazoirik ez emateko. Orain, agidanez, “Europak bere enpresa farmazeutikoen mozkinak oso-osorik mantenduko direla ziurtatu nahi du”, Oxfameko Leïla Bodeuxen esanetan.