argia.eus
INPRIMATU
Europar Batasunaren txertaketa egiaztagiriak ez du herrien arteko mugikortasuna bermatuko
  • Txertaketa egiaztagiria ekainerako prest egotea espero da, baina ez du Europar Batasun osorako mugikortasun askatasuna bermatuko.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 15a
Argazkia: Christian Córdova/ Flickr

Europar Batasuneko herriak adostasunera heldu dira: udan txertaketa egiaztagiria indarrean egonen da, baina mugikortasun librea ez du bermatuko. Diskriminazioaren printzipioa jarri dute azalpen bezala, txertoa jarri ez dutenen kasuan hauek ez diskriminatzeko. Kontseiluak araudia onartu eta sei astera jarriko da indarrean, ekainean.

Datuak babesteko Europako agintariek ere ohartarazi dute txertatze ziurtagiria toki publiko batzuetara sartzeko edo jarduera jakin batzuk egiteko ezinbesteko baldintza bihurtzeko arriskua dagoela. "Horrek ustekabeko ondorioak eta EBko herritarren oinarrizko eskubideentzako arriskuak ekar ditzake", adierazi dute Datuak Babesteko Europako Batzordeak eta Datuak Babesteko Europako Ikuskatzaileak.

Doakoa eta hamabi hilabeterako

Txerto egiaztagiriak urte bateko iraupena izango du eta doakoa izango dela ere adostu dute. Zehazki, elektronikoa edo paperezkoa eta ingelesez eta jatorrizko hizkuntza ofizialean egongo da idatzita. Dokumentuaren jabeak koronabirusaren aurkako txertoa jaso ote duen, gaixotasuna pasatu ostean antigorputzak garatu ote dituen edo azken egunetan PCR negatibo bat izan ote duen azalduko da egiaztagirian. Europako Sendagaien Agentziek onartutako txertoak bakarrik izango dira baliagarriak.