argia.eus
INPRIMATU
Zenbat eta botere gune sendoagoa, orduan eta emakume gutxiago
  • Europar Batasuneko parlamentuetan, batez beste hiru gizoneko emakume bat dago. Estatutik estatura aldeak daude; Espainiako Estatuan emakume parlamentariak %40 inguru dira, eta Hungarian ez dira %15era heltzen.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 04a
Espainiako Estatuko Diputatuen Kongresua. Argazkia: www.republica.com

Poliki baina emakumea gero eta gehiago ari da parte hartzen politikan. Hala ere, zenbat eta botere gune sendoagoa, orduan eta emakume gutxiago izango da. Europar Batasuneko parlamentuak horren adibide dira. Suedian, Finlandian eta Espainiako Estatuan esate baterako, parlamentuan emakumeak %40 inguru dira. Beste estatu batzuetan portzentajeak askoz xumeagoak dira. Hala, Errumanian, Hungarian eta Zipren adibidez, emakumeak %15 baino ez dira. Goranzko joera motela bada ere badoa. Duela hamar urte parlamentuetako eserlekuen %22 zituzten emakumeek eta gaur egun %27.

Emakume kopurua baxua izanda, goranzko bideari ekin diotenen artean dago Polonia. Parlamentarien laurdena baino gutxiago da emakumea herrialde horretan, Europar Batasuneko batez bestekoa baino gutxiago. Erregimen komunista eraitsi zeneko 20. urteurrenean emakumeen mugimendu sendoa abiatu zen, eta duela lau urte Emakumearen Biltzarra eratu zuten. Besteak beste, 2011n lege bat onartzea lortu zuten. Haren arabera, hauteskunde zerrendetan %35ak emakumea behar zuen izan. Hurrengo hauteskundeetan emakume kopuru bikoitza aurkeztu zen. Europako alderdi politiko nagusietako liderren %89 gizonak dira. Polonian inoiz ez da emakumerik izan alderdi politiko garrantzitsuen buru.

Wanda Nowicka Poloniako Parlamentuko lehendakariordea da eta hauxe dio: “Gizonek dama bat bazina bezala aritu nahi dute zurekin eta adeitsu jokatu nahi dute zuri atea irekiz. Baina feministen leloetako batek honela dio: ‘Ez dugu nahi zuek guri etxeko atea irekitzea, Parlamentukoa baizik”.