argia.eus
INPRIMATU
Europar Batasuneko mugen zaintzarako agentzia nahaspilaturik dago migratzaileen legez kanpoko itzulerekin, kazetaritza ikerketa baten arabera
  • Hainbat hedabidek dokumentatu dutenez, Frontex agentzia hein batean inplikatua dago migratzaileen legez kanpoko kanporaketekin.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 26a
(Argazkia: Frontex)

Migratzaileak legez kanpo beren jatorrira itzularazi diren hainbat kasutan, Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziak (Frontex) “konplize” izan da, nazioarteko zenbait hedabidek argitara eman dutenez. Mediterraneoko Egeo itsasoan, Grezia eta Turkia artean jazotako zenbait gertakizunetan oinarrituz, hala dela dokumentatu dute Alemaniako Der Spiegel aldizkariak, Herbehereetako Lighthouse Reports eta Erresuma Batuko Bellingcat atari digitalak, eta Alemaniako ARD eta Japoniako Asahi telebista kateak.

Hedabide horiek apiriletik gaurdaino jasotakoaren arabera, Europako Batasuneko (EB) mugen zaintzaz arduratzen direnak Greziako mugazainen “legez kanpoko ekintzen” jakitun dira. Hala, Frontex migratzaileak itzularazteko lanetan hein batean “inplikatuta” dagoela eman dute ulertzera, horrek “konplize” bilakatuz agentzia.

Hedabide horietako batek jasoa dauka ekainaren 8an Frontexen ontzi batek errefuxiatuen barku bat blokeatu zuenekoa. Bidea mozteaz gain, errefuxiatuak Turkiara bueltan bidali asmoz, abiadura hartuta olatuak sortzeari ekin zion ontziak, migratzaileen biziak arriskuan jartzeraino. Bideoan jasoa dago gertakizuna, eta horrekin batera bildu dituzte irudiak, testigantzak eta barne dokumentuak ere. Dokumentazio horretan oinarriturik ateratako ondorioak dira larunbatean ezagutzera emandakoak.