argia.eus
INPRIMATU
Europar Batasuneko hiriguneetako biztanleen %98k aire kutsatua arnasten du
  • Europako Ingurumen Agentziak (EIA) aurkeztutako azken txostenaren arabera, aireko kutsadura maila oso altua da Europar Batasunean. 491.000 heriotza goiztiar izan ziren 2012an hainbat kutsatzaileren eraginez.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko abenduaren 01
Europar Batasunean partikula finek heriotza gehien eragiten badituzte ere, kutsatzaile horrentzako muga legala aurten jarriko da indarrean.

2011 eta 2013ko datuak aztertu ditu EIAk txostenean. Jasotako informazioari esker ondorioztatu dute Europar Batasuneko hiri-inguruneetako biztanleen %98 bizi den tokietan kutsadurak gainditu egiten dituela Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako mugak. Hiri batzuetan –hiri-inguruneetako biztanleen %30 hor bizi da– muga legalak ere gainditzen dira.

Txostenaren arabera, 2012an 491.000 heriotza goiztiar izan ziren aireko hainbat kutsatzaileren eraginez: 403.000 partikula finengatik –2,5 mikra baino partikula txikiagoak–, 72.000 nitrogeno dioxidoagatik (NO2) eta 16.000 ozonoagatik. Hiru kutsatzaile horiek dira nagusiak Europar Batasunean, baina txostenean ohartarazi dute kantzerra eragiten duen bentzopirenoaren kopuruak goranzko joera hartu duela.

Europar Batasunean partikula finek heriotza gehien eragiten badituzte ere, kutsatzaile horrentzako muga legala aurten jarriko da indarrean, eta AEBetako muga legalaren bikoitza eta OMEk gomendatutakoa baino 2,5 aldiz altuagoa izango da.

Kutsatzaile horiek, osasunean gain, landareetan ere eragina dute eta uzten ekoizpena murrizten dute. EIAren txostenak nabarmendu du Espainiako, Italiako eta Mendebaldeko Balkanetako basoek eta nekazaritzak pairatu dutela kalte handiena.

Aire kutsadurari aurre egiteko neurriak

Ekologistak Martxan taldeak “kezkagarritzat” jo ditu datuok, eta aire kutsadura murrizteko gobernuek eta erakundeek hartu beharreko neurriak eman ditu: motordun ibilgailuen trafikoa murriztea, mugikortasuna murriztea, garraio publikoa indartzea –batez ere elektrikoa– eta bizikletei erraztasunak eskaintzea hirietan. Industrian, bestalde, ezinbestekotzat dute teknologia industrial hoberena eskuratzea kutsadura saihesteko, eta zentral termikoen ordez energia berriztagarrien alde egitea.