EBko Ombudsmanak (Arartekoak) ikerketa hasi zuen atzo, Europar Batzordea utzi eta lobbyetara edo bestelako aholkularitza lanetara joaten direnen interes gatazkei buruz. 'Ate birakari' esan ohi zaie halako mugimenduei (kontrako noranzkoan ere gerta daitezke). Iazko urrian CEO, Greenpeace, Lobbycontrol eta Spinwatch elkarteek jarritako salaketa aintzat hartuta erabaki du Ombudsmanak ikerketa abian ipintzea, erakundeok jakinarazi dutenez.
Gobernuz kanpoko lau erakundeek salaketan adierazi zutenez, Europar Batzordea ez da behar bezala jokatzen ari interes gatazka horiei mugak jartzeko garaian. Hala, interes pribatuek politika publikoetan gehiegizko eragina izan dezaten ahalbidetzen ari da Batzordea, nahi gabe bada ere.
Ombudsmanak interes gatazkarik egon zitekeen azken urteetako kasu guztiak arretaz aztertuko ditu, bere momentuan behar bezala ikertu ez ziren xehetasunen bila. Gaur egungo araudiaren arabera, Europar Batzordea uzten dutenen balizko interes gatazkak ondo aztertu behar dira sektore pribatuan lanpostu bat hartu aurretik. “Erakundearen bidezko interesekiko” balizko gatazka bat atzemanez gero, Europar Batzordeak eskumena dauka lan-aldatzea debekatzeko, edo hari baldintzak ezartzeko.
Ombudsmanak arauok gogortzeko gomendatu lezake bere ikerketa egin eta gero. “Arazo sistemiko baten zantzurik balego, oraingo salaketari dagokion ikerketa itxi eta beste bat irekiko dut, zabalagoa”, adierazi du europar Arartekoak. Izan ere, gorago aipatutako lau GKEen salaketa hamar kasuri buruzkoa baizik ez da.
CEO elkarteko Rachel Tawnseyren hitzetan, “Dalligate kasuak erakutsi digu harreman pertsonalak oso baliotsuak direla beren interesak sustatu nahi dituzten presio-taldeentzat”. John Dalli politikari maltarraren eskandaluaz ari zen Tawnsey. Europar Batzordeko Osasun saileko arduraduna zen Dalli, harik eta iazko urrian dimititu behar izan zuen arte, tabakoaren lobbyaren eraginpean jokatu izana leporatu ziotela eta.
CEO, Greenpeace, Lobbycontrol eta Spinwatchen ustez, bai Europar Batzordeak bai Parlamentuak EBko Gardentasun Erregistroan izena eman dezaten eskatu beharko liekete presio talde eta aholkularitza enpresei. Orain urte bi jarri zen martxan Erregistroa, eta une honetan errebisatzen ari dira.