Manuel Albares Atzerri Ministroak erabilitako arrazoiak dira, besteak beste, katalana lehenesteak prozesua arinduko duela eta katalanak beste bi hizkuntzek baino hiztun gehiago dituela.
Europar Batasunean (EB) katalana ofizialtzeko prozesua lehenetsiko du Espainiako Gobernuak, euskararen eta galizieraren aurretik. Asteartean izan zen EBko Kongresuan hiru hizkuntzak ofizial bihurtzearen inguruko bilera, baina bozkatu gabe bukatu zen, atzerri ministroek erabakia hartzeko "denbora gehiago" behar zutela-eta.
Manuel Albares Espainiako Atzerri Ministroaren arabera, estatu kideen zalantzen artean daude hiru hizkuntza aldi berean ofizial egiteak eragin ditzaketen kostu ekonomiko eta administratiboak. Horregatik, uste du aurrena katalana ofizialtzeko bideak prozesua arinduko duela. Gaineratu du alderdi katalanak izan direla "behin eta berriz" eskatu dutenak euren hizkuntza EBn ofizial egitea, eta haien hizkuntzak euskarak eta galizierak baino hiztun gehiago dituela.
Espainiako Gobernuari hiru hizkuntzok EBn ofizial egiteko Junts per Catalunyak eskatu zion, alderdiak PSOEko Espainiako Kongresuko presidentetzarako aurkeztu zuten hautagaia babestearen truke. Europako bileraren ostean, Albaresek adierazi zuen eskaera eginda gobernuak bete duela gaiaren inguruan hartutako konpromisoa.
Euskal alderdien erreakzioak
EAJk eta EH Bilduk ez dute begi onez ikusi gobernuaren erabakia. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Bozeramaileak adierazi du ez dela hizkuntzen ofizialtasuna eskatzen den lehen aldia, eta Euskal Herriko erakundeek ere bultzatu izan dutela.
Pernando Barrena EH Bilduren europarlamentariak "taktizismoa" egotzi dio Espainiako Gobernuari, eta hiztun kopurua "aitzakia baino ez" dela azpimarratu. "Gaur egun, euskara baino hiztun gutxiago dituzte hiru hizkuntza ofizial daude: maltera, gaelikoa eta luxenburgera"