Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" hartu du berria, baina atzerapenaren ostean onartuko duten esperantza du. Bestalde, gaurtik aurrera hizkuntza horiek erabili ahal izango dira Espainiako Kongresuan. Kontseiluak kezkaz hartu du euskal alderdietako politikariek euskara eta gaztelera, biak, erabiliko dituzten iragarpena.
Asteartean izan da euskara, katalana eta galiziera Europar Batasunean ofizial bihurtzeko bilera Europar Batasuneko (EB) Kontseiluan, baina ez dute bozkatu. Bertan zeuden atzerri ministroek adierazi du denbora gehiago behar dutela Espainiako Gobernuak egindako proposamena aztertzeko.
Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" hartu du erabakia atzeratu izana. "Gaurkoa aukera bikaina zen gure hizkuntzen aitormenean eta normalizazioan urrats bat emateko ez ezik, Europako bizilagun guztien hizkuntza-eskubideetan sakontzeko eta, beraz, giza eskubideetan ere".
Hala adierazi zuten atzo ere, Europar Parlamentuko egoitzan egindako prentsaurrekoan: ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareko ordezkariekin eta katalanaren eta galizieraren normalizazioa lantzen duten gizarte erakundeetako buruekin batera hitz egin zuen Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak.
Hala ere, Kontseiluak ez du esperantzarik galdu, eta atzerapenaren ostean EBko Kontseiluak hizkuntzen ofizialtasuna onartuko duen esperantza du, "hizkuntza-aniztasunean eta, orokorrean, dibertsitatean sinesten dutenek nekez esan diezaioketelako ezezkorik proposamen horri".
Espainiako Kongresuan hizkuntzak aukeran
Bestalde, asteartetik aurrera politikariek aukera dute Espainiako Kongresuan euskaraz, katalanez edo galizieraz aritzeko. Kontseiluarentzat "ongietorria" da neurria, "aspaldikoa beharko zukeen arren".
Kontseiluak txalotu egin du alderdi katalan eta galiziarrek hartutako erabakia, aurrerantzean hitzartzeak katalanez eta galizieraz egingo dituztela iragarri baitute.
Euskal alderdiek, ordea, euskara eta gaztelera, biak erabiltzeko asmoa adierazi dute. Kontseilua kezkatu egin du horrek, "euskara gutxitutako hizkuntza den heinean ezinbestekoa den prestigiatze eta sustapen lan hori murritz gerta daitekeelakoan".