argia.eus
INPRIMATU
“Europar Batasunean burujabe?” izenpean, hitzaldi bira antolatu du Askapenak
  • Europar Batasunaren aurrean herrien burujabetza aldarrikatzeko asmoz, "Europar Batasunean burujabe?" jardunaldiak antolatu ditu Askapenak maiatzaren 23tik ekainaren 2ra bitartean Euskal Herriko txoko desberdinetan

Topatu.eus @topatu_eus 2018ko maiatzaren 15

“Europar Batasuna Estatu kapitalisten interesak defendatzeko Europako burgesiak sortutako eta yankiek finantzatutako egitura politiko ekonomiko eta militarra da”, azaldu dute Askapenako kideek. Gutxiengoaren interesak defendatzeko, esplotazioan oinarritzen den egitura zapaltzailea dela adierazi dute, non herriek burujabetzarik ez duten. 

Askapenakoen esanetan, ez dago klase interesak defendatzeko tresna egokirik, eta elkarren artean borrokatzera bultzatzen dituzte herritarrak. Hori dela eta, “Apurtu kapitalaren Europa” kanpaina abiatu zuten orain dela hilabete batzuk. 

Honen baitan “Europar Batasunean burujabe?” hitzaldi bira antolatu dute, Europako herrialde ezberdinetako gonbidatuekin maiatzaren 23tik aurrera. Hainbat hitzaldi zein mahai inguru antolatu dituzte, “Euskal Herriko luze zabalean Europar Batasuneko eraginez hitz egiteko parada izateko, herrion burujabetza erdigunean jarrita”.

Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikalei jardunaldietan parte hartzeko dei egin diete; baita herritarrei ere. “Ez dezagun utzi hainbeste eragiten gaituen inposaturiko egitura honen arazoa soilik eskumaren eskuetan”, azaldu dute Askapenako kideek, Europar Batasuneko afera burujabetzaren eztabaidaren barrenean jartzea beharrezkoa dela nabarmenduz.

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.