argia.eus
INPRIMATU
Europar Batasunaren beste pauso bat pentsio sistema publikoaren kaltetan
  • Ostegunean pentsio sistema publikoak osatu edo ordezkatuko dituzten funts pribatuen aldeko beste pauso bat eman du Europako Parlamentuak: Norbanako Pentsioen Europar Produktuaren (PEPP, ingelesez) araudia onartu du.

Juan Mari Arregi 2019ko apirilaren 05

Europar Batasunak, orain arte izan denaren beste erakustaldi bat eman du ostegunean. Dena salgai jarri nahi dutenen Europa da, eta ez herrien Europa. Beste behin erakutsi du kapitalismoaren lobbyen zerbitzura dagoela, oraingoan europar pentsionisten kontura. Europako Parlamentuak Norbanako Pentsioen Europar Produktuaren (PEPP, ingelesez) araudia onartu du apirilaren 4an.

Pauso horrek beste kolpe bat ekar dezake pentsioen sistema publikoarentzat, funts pribatuen alde egiten baitu, horiek osatu edo ordezkatzeko, ikusita egunetik egunera gero eta eskasagoak izango direla. Baina non dago eskasia horren jatorria? Sistema publikoak ez dituela pentsionisten beharrak kontuan hartzen.

Europar Batasunak duin bizitzeko adinako pentsio publikoak bermatu beharko lituzke eta estatu kide bakoitzari exigitu beharko lioke euren sistema publikoa blindatzeko. Baina horren beharrean, amore eman du kapitalismoaren aurrean. Arrisku handiko operazioetan inbertitzen diren funts pribatuekin, lobby kapitalistak egoeraz baliatuko dira, sistema publikoaren kontura etekinak pilatzen jarraitzeko.

Euskal pentsionistek batasun, irmotasun eta ausardia handia erakutsi dute orain arte, eta badute beste erronka bat aurrean: kapitalaren zerbitzura dauden merkatarien Europaren kontra borrokatzea. Apirilaren 13an Hego Euskal Herriko lau hiriburutan manifestazioak egingo dituzte. Aldarrikapen eta oihuen artean ez dira faltako pentsio sistema publikoaren aldekoak, ezta funts pribatu osagarrien kontrakoak ere, izan ere, euskal administrazioak ere babesten ditu azkeneko hauek.