Europar Batasuna ere gaixotzen du koronabirusak. Ez da dudarik koronabirusak ondorioztatu krisi ekonomiko eta sozialak estatuen zor publikoak emendatuko dituela eta horri aurre egitea dute lehentasun Europar Batasuneko 27 herrietako finantza ministroek. Ez dute adostasunik lortzen beste behin ere: 2008ko krisi finantzarioa eta gaur egungo errefuxiatuen auzia eta gero, horra orain koronabirusaren auzia. Krisi ekonomikoari begira hartu beharreko neurriak ezin adostuz dabiltza.
Sei orduz luzatu zen martxoaren 26ko bileran argi gelditu zen hegoaldeko Estatuen –elkarren arteko elkartasun gehiago espero dutenak– eta iparraldekoen –Alemania lehen lerroan dutela– arteko amildegia. Hori horrela, hamabost eguneko epea jarri dute 27 finantza ministroen arteko adostasun batera heldu ahal izateko. Azkenean, Estatuen arteko elkartasunaren auzia dago mahai gainean.
Koronabonuei buruzko desadostasuna
Koronabonua Giussepe Conte Italiako lehen ministroak asmatu hitz berria finantza ministro europarren arteko eztabaidaren erdian dugu. Krisi ekonomiko eta sozialak eragin gastuak finantzatzeko bide bat lirateke koronabonuak: krisi horri mugatuak eta Europar Batasunaren edo eurogunearen bermea luketen zor bonoak. Zer nolako aldaketa ekarriko luke horrek?
Gaur egun, daukaten defizita finantzatzeko zor bono propioak jaulkitzen dabiltza estatuak, hauen erosle direlarik inbestitzaile pribatu zein publikoak. Koronabonuak Europar Batasunak jaulkituriko zor bonoak lirateke, hots, Estatu guztiek batera zabaldu eurobonoak. Bakoitza bereari so egon beharrean, batu eta zorraren mutualizazioa litzateke bide hori.
Horrez gain, egoera ekonomiko txarrean diren estatuen babesteko bide bat lirateke, espekulatzaile asko direlako estatu horien egoeraz baliatzen aberasteko –bono horien interes tasak askoz altuagoak direlako–. Adibidez, Italiaren bonoen interes tasa %2,4 arte igo zen aitzineko astean, Alemaniarena %-0,39koa zelarik. “Alde handia dago bien artean eta Alemania erreferentzia gisa hartzen denez, merkatuen partetik diskriminazio handia pairatzen dute defizita handia duten herriek" azaldu du Laurent Quignon ekonomialariak.
Proposamen horren alde daude Frantzia, Italia, Espainia –hots, gaurko egunean koronabirusaz gehien hunkiak diren estatuak–, Grezia, Portugal, Belgika, Irlanda, Eslovenia eta Luxenburgo. “Europar herrien arteko elkartasunaren ordua” dela erranik, David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak ere formula hori babestu zuen martxoaren 26ko bileran. Baina, Alemania, Herbehereak, Austria eta Finlandia ez dira aterabide horren alde, nonbait beldur direlako haiek pagatuko dutela azken faktura. Mutualizazio horri bizkarra erakutsi eta aterabide gisa, bost ala zazpi urteren buruan ordaintzen ahalko diren kreditu batzuk proposatzearen alde da Alemania.
Koronabirusaren gaitza emendatu arau, datorren krisi ekonomiko finantzarioa geroz eta argiago dauka Europar Batasunak eta egunez egun, kalteak mugatzeko asmoz neurri berriak hartzen dabil. Martxoaren 18an ezagutarazi zuen Europako Banku Zentralak
750.000 milioi euroko erosketa plana erraldoi bat, Covid-19 izurriteak eurogunea hankaz gora ez ipini ez dezan.