argia.eus
INPRIMATU
Europar Batasunak errefuxiatuen kanporaketa adostu du Turkiarekin
  • Errefuxiatuen etorrerari aurre egiteko beste akordio bat sinatu dute Europar Batasunak (EB) eta Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek. Akordioak Greziako kostaldera iritsitako errefuxiatuak zuzenean Turkiara bidaltzeko eskumena emango dio EBri. Turkiak, horren trukean, asilo politikoa jaso duten iheslari kopuru bera bidaliko dio Europari.

IƱaki Aguirre Perez 2016ko martxoaren 08a
Siriako errefuxiatuak Turkiako mugan pasa den astean. (AP) Siriako errefuxiatuak Turkiako mugan pasa den astean. (AP)

Akordioaren puntu nagusiak ondorengoak dira: Turkiarentzako 3.000 milioiko diru-laguntza bikoiztea, Europatik bidaiatzeko turkiarrek bisaren beharrik ez izatea, eta Turkia EBra batzeko prozesua erraztea.

Europak konponbide azkarra topatu nahi izan dio ezintasunez kudeatzen ari den arazo honi. Zuzeneko kanporaketak baimentzeaz gain, itunak erantzukizun osoa utzi du giza eskubideak urratzen dituen estatu baten gainean.

Akordio horren bitartez, errefuxiatuak eramango dituzte gatazka militarra piztuta duen herrialde batera. Turkiak, batetik, kurduen aurkako gerra abiatu du eta, bestetik, Siriako milizia errebeldeak armatzen ari da; herrialde horretako gatazka odoltsuan parte-hartze zuzena du, hortaz

Estatu demokratikoen eredutik abiadura handian urruntzen ari da Turkia (kazetaritza eta sare sozialen zentsura, biztanleria kurduaren kriminalizazio eta jazarpena, giza eskubideen urraketa...). Baina, paradoxikoki, inoiz baino hurbilago du Turkiak EBra batzeko aukera. Trukerako txanpon baliotsu bilakatu dira Europara iristen ari diren errefuxiatuak.