argia.eus
INPRIMATU
Europar Batasunak droneak erosi dizkio Israeli Mediterraneoa gurutzatu nahi duten pertsonak zelatatzeko
  • Euro-Mediterraneo sareko Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, 59 milioi eurokoa da Israelgo enpresei migratzaileak eta asilo-eskatzaileak itsasoan zaintzeko drone militarrak erosteko egindako kontratuen zenbatekoa. Podemosek (GUE/NGL taldea) erosketa horiei buruzko galdera bat erregistratu du ekainaren 2an Europako Batzordean.

El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2020ko ekainaren 03a
Erreskate operazio bat Mediterraneo itsasoan (argazkia: Sea Watch Media Team).

"Europar Batasunak Israelgo konpainia militarrekin egindako 59 milioi euroko kontratuak ez dira moralak, eta haien legezkotasuna zalantzagarria da", salatu du duela egun batzuk Euro-Mediterraneo sareko Giza Eskubideen Behatokiak.

Erakundeak material militarraren erosketa herri palestinarraren giza eskubideen urraketarekin lotu du. Gainera, Mediterraneoa zaintzeko horrelako gailuak erabiltzeak arriskuan jar lezake asilo bila itsasoa zeharkatzen dutenen bizitza. Behatokiak kontratuak bertan behera uzteko eskatu dio Europar Batasunari. Halaber, itsasoan atzemandako pertsonak Libiara ez itzultzeko eskatu du, haien bizitza arriskuan jartzen delako hori eginez gero.

59 milioi euroak 100 milioi euroko partida zabalago baten zati dira, Frontex agentziak eta Itsas Segurtasunerako Europako Agentziak iaz droneak erosteko hitzartu zutena. Aurrekontuaren gehiengoa lortu duten bi enpresa israeldarrak Elbit Systems eta Israel Aerospace Industries, IAI dira.

Erakundeak salatu duenez, kontratatutako droneen modelo batzuk Gazako Zerrendako errepresioan erabili dituzte, 2014ko operazioan. Horrek erakusten du Europar Batasunak dirua inbertitzen duela herri palestinarraren aurka probatu diren ekipamenduetan, eta horrek bermatu eta sustatu egiten du Israelgo erregimenak teknologia militar horien erabilera esperimentalekin jarraitzea.

Behatokiak arrisku gehigarri baten berri ere eman du: joan den martxoaren 21ean Sophia operazioa itxi ostean, Irini izeneko operazio berriak teknologia hori erabiliz Mediterraneoa zelatatzea du xede. Ohartarazi dutenez, operazio horrek ez du salbamendu protokolorik. Eta horrek ondorioak ditu, izan ere, Behatokiak emandako zifren arabera, 2019an jada %14ra igo zen itsasoa zeharkatzen saiatu zirenen heriotza-tasa. Aurreko urtean, batez bestekoa %2koa zen.

Behatokiarentzat kezkagarria da salbamendu-mekanismorik osatzen ez duten droneen erabilera. Gainera, tresna horiek ez dute bete behar Itsasoari buruzko Legearen konbentzioa, itsasontziek, Sophia operazioan parte hartzen zutenek ere, arriskuan dauden ontzi guztiei laguntza ematera behartzen dituena. Behatokiko kideek uste dute ontziak droneengatik aldatzea ihesbide bat dela legezko konpromisoak saihesteko eta erreskatea Libiako kostaldeko guardiaren esku uzteko. Herrialde horretako atxilotze zentroetan gertatzen diren giza eskubideen urraketa larriak gogora ekarri dituzte datu hori ematearekin batera.

Erakundeak Europar Batasunari eskatu dio Palestinako herritarren eskubideen urraketei pizgarria kentzeko, lurralde okupatuetan erabilitako ekipamendu militarra erosteari uko eginez; eta, era berean, Mediterraneoan droneak erabiltzea saihesteko. Ohartarazi dutenez, droneak erabiltzeak ez du esan nahi itsasoan dauden ontziak bertan behera utzi behar direnik; aitzitik, berehala aktibatu behar dira erreskate-mekanismoak. Azkenik, Frontexen praktikak gainbegiratuko dituen zaintza-batzorde independente bat ezartzeko eskatu dio Europari, agentziaren gardentasuna eta erantzukizuna bermatuko duen mugimendu zabalago batean.

Idoia Villanueva Ruiz Podemoseko (GUE/NGL taldea) eurodiputatuak galdera bat aurkeztu zuen astearte honetan Europako Batzordean, Behatokiaren salaketetan oinarrituta. Europar Batasunak ontziak droneekin ordezkatuko dituen argitzeko eskatu du, erreskatearen betebeharra saihesteko. Era berean, Libiarekin eta giza eskubideen urraketen testuinguruarekin koordinaziorik dagoen argitzeko eskatu du. Azkenik, zalantzan jarri du lurralde okupatuetan frogatutako ekipamendu horretara funtsak bideratzea, herri palestinarraren eskubideen defentsara bideratu beharrean.