argia.eus
INPRIMATU
Europar Batasunak banatzea adostu duen lehen errefuxiatuak Euskal Herrian dira
  • Eritreatik ihesi Lampedusara heldu ziren hiru gizonezko dira EBren banaketa politikaren ondorioz Euskal Herrira iritsiko diren lehen hiru errefuxiatuak. Nafarroako Gobernuak kritikatu du hamasei errefuxiatu espero dituztela, baina Espainiako Gobernuak ez diela zehaztu noiz helduko diren ezta nondik iritsiko diren.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko azaroaren 09a
Hegazkin bidez iritsi dira errefuxiatuak Lampedusatik.

Errefuxiatuen Laguntzarako Taldea (CEAR) arduratuko da hiru errefuxiatuak Bilboko pisu batera eramateaz eta egunerokoan laguntzeaz. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du Bilbora iristerakoan osasun azterketa egingo dietela, eta gizarte zerbitzuetan sartuko dituztela. Erkorekak adierazi du beharrizan guztiak asetzen saiatuko direla, eta zerbitzu publikoak prest daudela lan horretarako. “Espero dut normaltasunez integratzea, inolako zalapartarik gabe”.

Azkenean, aurreikusitakoa baino errefuxiatu gutxiago helduko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoara. Barikuan, Espainiako Gobernuak jakinarazi zuen lehen errefuxiatu taldea hamabikoa izango zela, eta hiru joango zirela EAEra. Hasiera batean, Gizarte Gaietako sailak uste zuen 50 errefuxiatu iritsiko zirela Madrilera eta horietatik hamar hartuko zituela Eusko Jaurlaritzak. Jose Luis Madrazo Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariak aurreikusi du prozesuak “normal” jarraituz gero mila errefuxiatu inguru hartuko dituztela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan datozen urteetan.

Erantzun txikia eta geldoa

Irailean Hungariak muga itxi eta errefuxiatuen etorreraren krisia areagotu zenean, Europar Batasunak errefuxiatuak Batasuneko herrialdeen artean banatzea adostu zuen. Lortutako akordioak ordea, Europara iritsi diren milaka errefuxiatuen kopuru txiki bat baino ez du hartuko. Europar Batasuneko 28 herrialdeek bi urtean 160.000 errefuxiatu hartzea adostu zuten.

Prozesua bestalde geldoa da, eta oraindik errefuxiatu gehienak Italia, Grezia edo Hungarian aurkitzen dira. Momentuz 135 baino ez dituzte eraman Finlandia, Frantzia, Suedia eta Luxenburgora. Urriaren 9an iritsi ziren lehen errefuxiatuak Suediara. Adostutako kopurua kontuan izanik, dagoeneko 6.700 errefuxiatuk izan beharko lukete asiloa.

Neguarekin batera baldintzak okertu egin dira Europara iristen saiatzen diren errefuxiatuentzat, baina hauen etorrera ez da eten. Europar Batasunak Grezia, Mazedonia, Albania eta Serbiako mugen zaintza indartzea adostu du Frontex mugen kontrolerako agentziaren bidez. Gainera, 400 polizia hedatu dituzte Eslovenia eta Kroazia arteko mugan.