GKSk kanpaldia abiatu du asteazkenean Artzain Onaren katedralean, eta mobilizazioa egingo dute ostegun arratsaldean. Ohartarazi dute Palestinako Estatua formalki aitortzeak ez duela palestinar herriaren egoera aldatuko. Kanpaldia ostiral arratsaldean amaituko dutela jakinarazi dute.
Gazte Koordinadora Sozialistak Palestinaren aldeko kanpaldia ezarri du asteazkenean Donostian, Artzain Onaren katedralean. Mundu mailako milaka ikasle eta gazteren hariari segika, ehunka gazte batu dira eta gaua pasa dute kanpalekuan. Hala ere, adierazi dute elkartasun keinuak ez direla nahikoa ez badira salatzen gertuen dauden erantzuleak, eta Europar Batasunak duen konplizitatea salatu dute Israel egiten ari den sarraskian. Ohartarazi dute genozidioa gauzatzea ezinezkoa litzatekeela Mendebaldearen eta, zehazki, EBren babes zuzenik gabe.
GKSk adierazi du beharrezkoa dela mobilizazio herritarrak biderkatzea eta hainbat frontetatik egitea presioa, Israelek aurkako neurriak hartu daitezen. Bide horretan ekarpena egitera etorri da kanpaldia, azaldu dutenez. Ostegunean, 19:00etan manifestazioa egingo dute Donostian, Artzain Onetik abiatuta. Ostiralean, berriz, NATOren aurkako manifestaziora deitu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, “gerraren, genozidioaren eta austeritatearen aurka”. Donostiako kanpaldia ordura arte mantenduko dute, eta mobilizazioarekin bat egiteko amaituko da ekimena.
Kanpalditik babesa adierazi nahi izan diote palestinar erresistentziari. Azaldu dutenez, "Palestinaren benetako askatasuna soilik etor daiteke Israelgo estatu faxista eta kolonialaren suntsipenetik”, eta bide horretan borrokan jarraituko dutela adierazi dute, Mendebaldeko gobernu eta enpresek entitate sionistarekin harremanak eten ditzaten.
Salatu dute Mendebaldeko agintariek Israel sostengatzen jarraitzen dutela, “konponbidearen eta bakearen alde mintzo diren bitartean”. Diotenez, hainbat herrialdek egindako “keinu sinbolikoak” urriaren 9ko Europako hauteskundeen testuinguruan ulertu behar dira, bozak irabazteko estrategiak izatea kritikatu dute. Adibidetzat jarri dute Espainia, Norvegia eta Irlandako gobernuek Palestinako Estatua aitortu izana. Salatu dute onarpen formal horrek ez duela palestinar herriaren egoera “inolaz ere aldatuko”, eta zalantzan jarri dute keinu hori egin ahal izatea “Israelgo estatu genozida bultzatzen jarraitzen duten bitartean”.
Antolatzaileen esanetan, europar herrialdeek eta alderdi politikoek benetan genozidioa amaitu nahi badute, “berehala bertan behera” utzi behar dutela Israeli emandako babesa.