argia.eus
INPRIMATU
Europar Batasun osoan oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko eskaera abiatu dute
  • Herritarren sinadurak biltzen ari dira, herri ekimena aurkeztu eta Europako Batzordeari eskatzeko proposamena aurkeztu dezala, baldintzarik gabeko oinarrizko errenta unibertsala Europar Batasun osoan ezartzeko. Besteak beste, desoreka ekonomikoari eta pobreziari egin nahi zaio aurre.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 26a

Europar Kontseiluak, Parlamentuak eta Batzordeak 2017an adosturiko adierazpena ekarri dute gogora ekimenaren bultzatzaileek: “Babes sozial sistema eraginkor, jasangarri eta orekatuak defendatzeko” konpromisoa hartu zuten, “oinarrizko errenta bermatzea helburu”.

Hala, oinarrizko errenta unibertsala errealitate bihurtzeko bidean, Europako Legegintzako Herri Ekimena aurkeztu nahi dute eta sinadurak biltzen ari dira horretarako. Pertsona guztiek salbuespenik gabe oinarrizko beharrak asetzeko moduko errenta jasotzea da xedea. ESK sindikatuaren arabera, “herritarren benetako autonomia eta askatasuna areagotuko lituzke, lanari, prestakuntzari eta oro har bizi-proiektuei buruzko hautuak egitean”.

Bai, bideragarria da

Sindikatuak gogoratu du bideragarria dela finantzaketaren ikuspegitik, zergen bidez orekatuko litzatekeelako.

Bai trantsizio ekologikoari, bai gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borrokari mesede egingo liekeela azpimarratu dute, ditugun arazo sozial guztiak konponduko ez lituzkeen arren gizartea eraldatzeko tresna bat gehiago dela nabarmenduz.

“Oinarrizko errenta unibertsalak aukera emango lieke pertsona guztiei, eta bereziki egoera ahulenean daudenei, beren buruarentzat aukeratu ditzaketen bizi-proiektuak gauzatzeko ahalik eta aukera gehien izateko. Pertsona guztien bizitzak erdigunean jartzeko garaia da”, aldarrikatu dute Ezker Sindikalaren Koordinakundetik.