argia.eus
INPRIMATU
Europan, pentsiodunen %13k jarraitu behar dute lanean
  • Erretiroa hartu berri dutenen %4,9k uztartu behar dituzte pentsioa eta lanen bat Espainiako Estatuan. Estonian %55 dira.

Gedar @GedarLangileKZ 2024ko abenduaren 19a
Pentsiodunen protesta Bilbon. Ecuador Etxea

Erretiroa hartu berri duten pertsonei buruzko hainbat datu argitaratu zituen Eurostatek aurreko astean. Europako 30 herrialde ikertu ditu, eta ondorioztatu du, batez beste, pentsiodunen %13k jarraitu behar dutela lanen bat egiten erretiroa hartu eta hurrengo sei hilabeteetan, gutxienez. Jubilatu berrien artean, pentsioa eta lana uztartu behar dituzten pertsonen kopururik handiena Estonian erregistratu dute, %55 baitaude egoera horretan.

Jubilatu berri direnen artean enplegatu gehien dituzten herrialdeen zerrendan, hurrengoak dira Letonia (%44,2), Lituania (%43,7), Islandia (%42,3) eta Suedia (41,7). Kontrara, portzentajerik baxuenak topatu dituzte Errumanian (%1,7), Grezian (%4,2), Espainiako Estatuan (%4,9), Kroazian (%5) eta Eslovenian (%8).

Espainiako Estatuko datuei buruzko irakurketa baikorretatik urrun, CCOO sindikatuko Carlos Bravok ohartarazi du ehuneko baxu hori azal dezakeela lan-merkatuan ohikoa den joera batek: 55 urtetik gorako beharginak sistematikoki baztertzearena. Eurostatek berak jakinarazi duenez, Espainiako Estatuan berriki jubilatu diren pertsonen artean, %25,8k zeramaten gutxienez urte erdia langabezian. Batez besteko portzentaje hori %22,4koa da Europan.

Pentsioen erreformak

Herrialdi ugaritan ari dira diseinatzen erretiroa atzeratzeko erreformak, Frantziako eta Espainiako estatuak kasu. Lege bidezko bultzadak norabide horretan doaz erabat: sindikatu nagusiekin eta patronalarekin adostuta, jubilazio partziala sustatu eta erretiro-adina 67 urtera berandutzeko neurriak atera ditu mahaira Espainiako Gobernuak, eta Frantziakoak iaz inposatu zuen, dekretuz, erretiro-adina 64 urtera geroratzea.