argia.eus
INPRIMATU
Milioika migratzaile esplotazioaren eta eskubide gehiegikerien biktima, Europako nekazaritza-sektorean
  • Langile migratzaileek indarkeria, lanaldi luzeak eta ordainketa eskasak modu ohikoan jasaten dituzte, Europako bederatzi estatutan egindako ikerketa baten arabera. Gutxienekoa baino soldata baxuagoak jaso ohi dituzte ia estatu guztietan, eta emakumeek are soldata baxuagoak.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 22a

Europan 2,4 milioi pertsona migratzailek egin dute lan nekazaritza-sektorean, lanbideko lau pertsonatik batek gutxi gorabehera. Comillas Pontificia Unibertsitateko eta Oxfam Intermóneko migrazioei buruzko Ikasketen Unibersitate Institutuko (IUEM) ikertzaileek Esenciales pero invisibles y explotados txostena argitaratu dute. Bertan, milioika migratzaile esplotazioaren eta eskubide gehiegikerien biktima direla jaso dute. Ikerketa hori Finlandia, Frantzia, Alemania, Grezia, Espainia, Italia, Herbehereak, Polonia eta Suedian egin dute.

Langile migratzaileen lan-baldintzak salatu dituzte, eta modu ohikoan indarkeria, lanaldi luzeak eta ordainketa eskasak jasaten dituztela. “Europako nekazaritza-industriaren alderik ahulena azaldu nahi dugu, esplotazioa eta Europako legedia ez betetzea baititu ardatz", adierazi du Oxfam Intermóneko ikertzaile Carlos Ruizek. Migratzaileek estatu guztietan –Finlandian izan ezik–gutxieneko soldata baino baxuagoak jasotzen dituztela salatu dute, eta emakumeenak normalean are soldata baxuagoak izaten direla. Espainiako Huelvako eskualdean ikerketan parte hartu duten emakumeen erdiek esan dute gizonek baino diru gutxiago irabazten dutela, eta Italian parte hartu duten emakumeek diote gizonek baino %30 gutxiago kobratzen dutela.

Pertsona migratzaileak nekazaritzako elikagai katearen “egiturazko elementu” bihurtu direla adierazi du Ruizek. Izan ere, estatuek eta Europar Batasunak “ezinbesteko langiletzat jo zituzten pandemian”, IUEM-Comillaseko ikertzaile Yoan Molinero Gerbeauk gogorarazi duenez. Hauek sektorean garrantzizkoak izan arren, “jasaten dituzten gehiegikeriak era berean estrukturalak” direla salatu du Ruizek.

Abusuak eta isolamendua

Era askotariko abusuak pairatzen dituztela jaso dute txostenean. Bitartekarien gehiegikeriak aipatu dituzte, azken orduko eskaerek eragiten duten “autoesplotazioa”, esaterako. Langileen greben aurrean, “indarkeria” eta “larderia” ohikoak direla aipatu dute. Suedian lan egiten duten langile thailandiarren kasua azpimarratu dute, astean sei egunetan egunero 12-19 ordu lan egiten dutenak.

Sexu erasoak ere jaso dituzte, eta langile batzuek gainbegiraleengandik sexu-xantaia kasuak salatu dituztela. “Langile batzuk kokagune marjinal inprobisatuetan bizi dira, eta ez dute ur korronterik, elektrizitaterik, berokuntzarik eta hondakinen bilketarik”, salatu dute. Sute arriskua –ustekabekoak edo eragindakoak– dutela ere aipatu dute, eta langile batzuk etxebizitzarik gabe daudela.

Bereziki Espainian eta Italian, langileek normalean ez dituzte prestakuntza eta babes-ekipamendu egokiak izaten, eta horrek istripuak eta lesioak dakartza. Erortzeak, ebakiak, animalien hozkadak, bero-kolpeak eta makinen erabilera desegokiagatiko zauriak dira adibideetako batzuk. Espainiako Murtziako gizon baten kasua azpimarratu dute: hil egin zen egun osoan urik edan gabe eta 44 gradutan egin behar izan zuelako lan.

Isolamenduak langileek tokiko gizartea eta hizkuntza jakitea zailtzen du. “Nekazaritza-sektorean lan egiten duten migratzaileek erronka ugari dituzte osasun-zerbitzuetara iristeko, beren eskubideei buruzko informaziorik ez izatetik administrazio eta hizkuntza-oztopoetara arte", adierazi du Ruizek.

Hobekuntzarako bidea

Europar Batasunak Behar Bezalako Arretari buruzko zuzentaraua onartu berri du, “enpresak balio-kate osoan pertsonen eskubideak eta ingurumena errespetatzera behartzen dituena”. Oxfam Intermónek “itxaropena” dagoela adierazi du, eta legeria berria esplotazioari aurre egiteko tresna bat izan daitekeela: “Arau horiek justiziarako eta konpentsaziorako sarbidea erraztuko diete, baita agroindustriak eta txikizkariek giza eskubideen urraketak prebenitzeko eta horien erantzukizuna beren gain hartzeko duten betebeharra ere”.

Oxfam Intermónek eskaera zehatzak egin ditu, langile migratzaile horien egoera hobetzeko: giza eskubideen bermea nekazaritza industrian –Europar Batasuneko hornidura-kateen lege berriaren bitartez–, egitura sindikaletan nekazaritzako langile migratzaileen ordezkaritza eta defentsa sustatzea, eta ostatu-aukera hobeak finantzaketa nahikoaren bitartez, esaterako.