argia.eus
INPRIMATU
Itsas bidaien turismoak Europan sortzen duen kutsadura bistaratu du Transport & Enviroment elkarteak
  • Carnival Corporation itsas bidaiak antolatzen dituen munduko enpresa nagusiak Europako auto guztiek baino hamar aldiz sufre oxido gehiago igorri zuen Europako kostaldean. Espainia, Italia eta Grezia dira kutsadura hau gehien pairatzen duten herrialdeak.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 18a

Itsas bidaien turismoa etengabeko hazkundean dago, eta horrek eragin zuzena du kutsaduran. Izan ere, itsasoan nabigatzen duten hiriak dira, horrek dakarren gastu energetikoarekin. Faig Abbasov Transport & Enviroment elkarteko garraio-politiken zuzendariak adierazi duenaren arabera, ekologiaren inguruan politika guztiz kontraesankorrak burutzen ari dira Europan: “Hiriak diesel autoak debekatzen ari diren bitartean, ontziterian ez dute eskua hartu. Hauek bidaiarientzat eta hiritarrentzat biziki arriskutsuak diren kutsatzaileen kontzentrazio handiak sortzen dituzte; onartezina da”.

Sufre oxidoaren isurtze larriaz gain, nitrogeno oxidoaren isurtzea ere kezkatzeko modukoa da. Urte batean Europan pertsonen garraiora bideraturiko ibilgailuek sorturiko nitrogeno oxidoaren %15a itsas bidaien turismoak sortutakoa da. Norvegia, Grezia, Frantzia, Kroazia, Danimarka eta Maltako kostaldeetan, itsas bidaietarako ontziek bertako auto guztiek baino nitrogeno oxido gehiago igorri zuten.

Bartzelona, Palma Mallorcakoa eta Veneziako portuak dira turismo mota honek gehien kutsatzen dituen hiriak.

Itsas bidaien Euskal Herrian

Europa osoan bezala, Euskal Herrian itsas bidaien turismoa handitzen doa urtez urte. Udako denboraldia hasi da jada, eta Pasaiako portuak maiatzaren 29an jaso zuen lehena. Sea Cloud II ontzia ere berriz izango da Pasaiako portuan abuztuan. Bilboko Portuko Agintaritza etengabe ari da handitzen Getxon dagoen itsas bidaia ontzien terminala. Handitze hau dela eta, 2020an 60 eskala egingo dituzte mota honetako ontziek.

Turismorako itsasontziek benetan zenbat kutsatzen duten jakinda, eta Bilboko portuan ontzi hauen kopurua handitzen joango dela ikusita, Bilboko portua haien “konpromiso berdean” berresten da: “Bilboko Portuko Agintaritzak kalitate, prebentzio eta ingurumeneko kudeaketa-sistema integratu bat ezarri du, harremana duen interes-talde guztien eskaerak eta itxaropenak asetzeko” diote, baina Transport & Enviroment elkartearen ikerketa argitzaile honen aurrean erreakziorik ez dute publikatu oraindik.