Osasunaren Mundu Erakundearen buruzagi Tedros Adhanom Ghebreyesusek argi ohartarazi du txirrindularitza erabiliz metaforatzat: “Sei hilabete daramatzagu pandemia honekin eta munduko ezein herrialdek ezin dio utzi pedalei eragiteari. Europan gauzak hobera doazen arren, mundu mailan egoera okerragora doa".
Ekainaren 8an mundu mailan COVID-19ak egun bakarrean 3.157 hil ditu eta ofizialki aitortutako 107.270 infekzio berri kontabilizatu. Bezperan 130.000 kutsatu berri zenbatu zituzten eta Osasunaren Mundu Erakundeko emergentzia arduradun Mike Ryanek esan zuenez horietako gehienak Ameriketako estatuetan eta Asia Hegoaldean gertatu ziren.
Zehazki Ryanek Erdi Amerikako herrialdeak aipatu zituen, eta nabarmendu Guatemalaren kasua, non oraindik izurria larriagotzen ari baita. Uneotan munduak zenbatuta dauzkan 7 milioi koronabirus kasuetatik Europari dagozkio 2,1 milioi, Ipar Amerikari 2,3 eta Hego Amerikari 1,1. Asia bere osotasunean 1,4an dabil.
Mike Ryanek errepikatu du OMEtik aspaldi ohartarazten ari direna: konfinamendua arindu eta jendeen arteko harremanak ugaritzeak COVID-19aren bigarren uhina ekarriko dutela munduan zehar. Bitartean, izurriaren lehen uhinarekin borrokan ari diren herrialdeei, bereziki Erdi eta Hego Amerikakoei, lagundu beharra azpimarratu du.