argia.eus
INPRIMATU
Europan gero eta eskuinago, trantsizio ekologikoan gero eta atzerago
  • Ez da ezusteko handirik izan Europako hauteskundeetan, eskuin muturrak gora egin duen bitartean, berdeek orain arteko emaitzarik txarrenetakoak izan dituzte. Zentzu horretan, geroz eta gehiago nabarituko dugu trantsizio ekosozialari lotutako erabakietan ebidentzia zientifikoek baino lobbyek izango duten eragin apokaliptikoa.

Goiuri Alberdi Aintzira OƱederra Asunek 2024ko uztailaren 22a
Argazkia: Europako Dokumentazio Zentroa- Granadako Unibertsitatea

Egunerokoan inongo interesik pizten ez duen lehen sektorea eztabaida politiko guztietan izendatua izan da Europako hauteskundeak iritsi direnean. Mesfidantza eragiten dute, zilegitasun gutxirekin, hauteskunde kanpainan soilik laborantzaz hitz egiteko ausardia erakusten dutenek. Testuinguru hauetan erraz gailentzen dira km0 arrazoibideak, eta etxekoa baldin bada dena da balekoa: kalte ekologikoa, langileei ezarritako lan baldintzak, energia fosilekiko dependentzia, eta abar. Gainera, botoak errazago irabazten dira beldurraren itzalpean, "Nekazaritza Politika Bateratuko (NPB/PAC) laguntzak kenduko dizkigute", edo "gero eta neurri zorrotzagoak betearaziko dizkigute". Eskuinak beti izan du konplize beldurraren diskurtsoa.

Eta hartan geratu dira Europako hauteskundeetako emaitzak: gauzak gehiegi aldatuko ez direla dirudien arren, europarlamentarien bostetik bat eskuin muturrekoa izango da. Europako Alderdi Popularra osatzen duten taldeek handitu egin dute sozialdemokratekiko aldea, baina badirudi bien arteko koalizioan jarraituko dutela, gehiengo osoa izateko Renew Europe taldearen babesarekin. Beraz, aurreko legegintzaldiko argazkia errepikatuko da, nahiz eta oraingoan, Berdeek ordezkariak galdu dituzten eta laugarren indarra den eskuin muturreko European Conservatives and Reformists Group (ECR) taldea aurreratu zaien.

Trantsizio ekologikoa bere zentzurik gordinenean ulertzen duten Berdeek emaitzarik txarrenetakoak izan dituzte, eta joera negazionista eta atzerakoi bati aurre egin beharrean aurkituko dira, eskuinaren eta eskuin muturraren gorakadak ingurumen-politikak zalantzan jartzea ekarriko duelako. Ez da iradokizun hipotetiko bat, Europar Batasuneko hainbat proiektu –Baserritik Mahaira estrategia edo dieta jasangarriagoak bultzatzea helburu zuen Elikadura Sistema Iraunkorren Markoa, besteak beste– nabarmen ahulduak izan dira hainbat sindikatu eta enpresek egindako lobby maniobren ondorioz. Europako Alderdi Popularrak lobbyen argudioak erraz bereganatu izan ditu trantsizio ekologikoan eragiten duten politika zehatzen aurka egiteko.

Esan dezakegu, estrategia eraginkorra aplikatu zutela lobbyek urte hasierako mobilizazioetan, traktoradek eta errepide mozketek hauteskundeetako emaitzetan eragina izan dute, eta aurrerantzean, eskuinak eta eskuin muturrak Europako Parlamentuan izango duten ordezkaritzak asko erraztuko die euren interesak azkeneraino eramatea. Bitartean, Nekazal Politika Bateratuko dirulaguntzak etxalde tamainaren arabera banatzen jarraituko dira eta nekazaritza intentsiboagoa eta lehiakorragoa sustatuko da. Era berean, Next Generation funtsek soluzio faltsuak eta antzuak ekartzen jarraituko dute: trantsizio ekologikoan aurrera egiteko eredu aldaketak finantzatu ordez, laborantza industrialean kokatutako korporazioak diruztatuko dituzte. 

Beraz, ez digute ezustekorik emango Europatik bultzatuko diren nekazaritza politiken nondik norakoek, ez da zehazki trantsizio ekologikoaren bidea izango, edozein izanik ere erabiliko dituzten terminoak. Hau horrela, tokian tokiko alternatiba agroekologikoak indartzeko aliantza politiko zein sozialetan sostengatzea beti bezain eta inoiz baino beharrezkoagoa izango zaigu.