Atxilotuak 48 ordura aske utzi izan dituzte herrialde aberatsenetako gobernuetako ordezkarien goi-bileren jira-biran istiluak izan direnean. Aurtengo uztailean Hanburgon (Alemanian) G20ren bilkuran ez zen horrela gertatu. Elorrietako David Rincon lagunekin afaltzen ari zela atxilotu zuen Alemaniako Poliziak. Bi hilabete eta erdi eman ditu preso.
Bizpaihuru egun kartzelan emango zituela pentsatuz "umoretsu" eman zituen lehen egunak preso David Rinconek Hanburgon. Hamar egunera, epailearen aurrera eraman zutenean jaso zuen "lehenengo egurra". Espetxeko egonaldia luzatuko zela jakinarazi zioten. Alemaniatik alde egiteko arriskua zegoela ebatzi zuen epaileak, "epaiketara ez nintzela agertuko pentsatzen zuelako". Behera egin zuen Daviden umoreak.
Bigarren "egur potoloa" abuztuaren amaieran jaso zuen Poliziak Hanburgon uztailaren 5etik 8ra atxilotuetako 200 bat lagunetik auziaren zain zeuden 40tik lehena auziperatzearekin bat. Bi urte eta zazpi hilabeteko zigorra ezarri zioten Herbehereetako gazte bati. "Hanburgon ezaguna den epaile ultraeskuindar batek epaitu zuen", Alemaniako komunikabide guztien aurrean. Handik gutxira esan zioten Rinconi irailaren 25ean epaituko zutela. Bere burua prestatzeari ekin zion orduan. “Okerrenerako” prestatu zen, bi urtetik gorako zigorra jasotzeko. Horrela, "zeozer hobea badator ondo hartuko duzu", dio.
Alemaniako justiziak urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion. Hiru urteko baldintzapeko askatasunagatik ordezkagarria. Fiskaltzak bere aurka eskatu zuen 3.000 euroko isuna ez zuen aintzat hartu epaileak, "ez zegoelako inolako kalte materialik ez fisikorik ordaintzeko". Pozik hartu zuen epaia berotan. Patxada gehiagorekin bere abokatuarekin hitz egitean jakin zuen Alemanian hiru urteko baldintzapeko askatasuna berorleei ezartzen dietela. "Banku asko lapurtu eta gero harrapatu duten lapurrarekin" alderatu dute. Zigor aurrekaririk ezean, zergatik ezarri diote berorleei ezartzen dieten baldintzapeko askatasuna? "Ez gaituztelako Alemanian nahi manifestazioetan eta ekintza politikoetan parte hartzen hiru urtetan gutxienez", dio argiro.
Bi hilabete eta erdi eman ditu preso guztira. Kartzelan egotea, are gehiago bakarrik egotea, "kaka zaharra da". Rincon, baina, Europa osoko gazteekin egon da. Oso pertsona desberdinak euren artean. Anarkistak, hippyak, komunistak eta beste ezagutu dituela kontatu du. Zentzu horretan, "oso esperientzia polita" izan da. Une txarretatik ere gauza onak ateratzea badagoelako. Eta berak lagunak egin ditu.
Abuztuaren amaieratik, guztira, 30etik gora auzi izan dira Hanburgon. Atzerritarrei lehentasuna eman diete, kartzelan zain izan dituztelako. Behin-behinean preso. Urriaren 25ean epaitu dute, esaterako, Rinconen lagun Alessandro. “Berak bazekien aske geratuko zela. Niri bezala autoritatearen aurkako eraso saiakera leporatzen diote. Saiakera gradua genuen denok aske utzi gaituzte. Kontuak kontu, ia bost hilabete eman ditu kartzelan, astebetean auzi azkar baten bidez bideratu beharrean”.
Auzi guztien artean bada Rinconi arreta deitu dionik ere. Kaleko istiluetan manifestarien aurka gehiegizko indarkeria erabiltzeagatik polizia batzuk euren lankideak salatu baitituzte. “Polizia batzuk zigortu dituzte. Euskal Herrian hori pentsaezina da”, Rinconen hitzetan.
Errefuxiatu politikoak ere ezagutu ditu Hanburgon, presondegian. Legez kanpoko pasaportearekin Poliziak atxilotutako siriar bat eta somaliar bat. Errefuxiatuekin Alemaniako Gobernuak duen jarrerarekin harritu da, are gehiago bere mugetan hartzekoa zen errefuxiatu kopurua betetzera iritsi ez denean.
Irailaren 26an, etxera bueltatzean, plaza bete jende aurkitu zuen bere zain Rinconek. "Flipatuta" geratu zela dio. Preso egon den bitartean jasotako gutunak –“10 bat egunean”–, auzoan “egindako lana”, antolatutako mobilizazioak, bere askapena exijitzen zuten ikurren zabalpena Aste Nagusian... Sentitu duen elkartasuna “izugarria” izan da. “Hemen zoritxarrez, oso ohituta gaude horrelako egoerara”, dioenez, “ezer gutxi egiteagatik zigor handiak jasotzera. Eta ondo dakigu zein garrantzitsua den elkartasuna”.
“Bitxia” bada ere, elkartasun guzti hori bere aurka erabiltzen saiatu dira. Poliziak Fiskaltzaren esku utzi baitzuen bere askatasuna exijitzeko Deustualdean eta Bilbon burututako mobilizazioetako irudiekin osatutako txostena. Poliziak txosten horretan Rinconen profil politikoa ez ezik psikologikoa ere prestatuta zuen. “Alemanian gizartearen babesa baduzu militante politikoa zara eta, horregatik, pertsona arriskutsua. Hortaz, zure kaltetan da. Leporatzen dizutena militantzia politikoagatik egin duzula ebazten dutelako”. Zorionez, epaileak abokatu eta fiskalari azaldutakoaren arabera, bere lana ez zen Daviden ideologia epaitzea, gertatutako ekintzak epaitzea baizik.
Gobernu aberatsenen hurrengo goi bileran ez du hutsik egingo Rinconek, Alemanian egiten ez den bitartean. Kapitalismoaren eta globalizazioaren aurkako eragileen aurka Alemaniako Poliziaren eta justiziaren errepresioak etorkizuneko mobilizazioak baretuko dituen ustea du. “Hurrengo goi-bileran ikusiko dugu”, dio. Atxiloketek, espetxealdiek eta zigorrek “beldurra” zabaltzen baitute jendartean. Eta Hanburgon “ezin hobeto” erakutsi dute Europan errepresioa “egon badagoela”, eta “zein profesionalak diren. Eredugarria izan da dena”. Schengen Espazioaren itxiera eta Alemaniak egin nahi duen ezker muturreko pertsonen fitxero poliziala ere errepresio horren barruan kokatzen ditu.
Harridura sortu zuen joan den uztailean G20ak Hanburgo hautatzea mundu mailako gobernu nagusien bilkurarako. Gizarte eragileen indarra handia den hiria. Oposizio handiarekin topo egingo zutela aurreikustea begi-bistakoa zen. Eta horrela izan zen. Europa mailako herri mugimendua bertan elkartu zen protesta egitera. Sistema kapitalistaren aurkariak, globalizazioaren aurkakoak, ekologistak, feministak... Orain, ondorioak ikusita, “gertatua bilatzen ari zirela” pentsatzen du Davidek. Gobernuen asmoa indar erakustaldia egitea zela, euren aurkako protesta eta mobilizazioen atzean dauden guztiei mezu zuzena bidaltzeko.
Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.