argia.eus
INPRIMATU
Europan debekaturiko pestizidak erabiltzen dituzte Brasilen Coca-Cola eta Nestlé multinazionalek
  • Reporter Brasil eta Lighthouse Reports eragileek egindako ikerketak eman du eskandaluaren berri. Pestizida horien eraginez hainbat eritasun, intoxikazio eta min pairatzen dituzte Sao Pauloko herritarrek.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko apirilaren 27a
Hegazkinez pestizidak zabaltzea debekatua dago Europar Batasunean –salbuespenak salbuespen–. Sao Paolon, haatik, bideratu dezakete. Argazkia: Ejatlas

Toxikotasun hein altuagatik Europar Batasunak debekaturiko produktuak Brasilen erabiltzen dabiltza Coca-Cola eta Nestlé konpainiak. Hegazkinez sakabanatzen dituzte landaketen gainera, bertan bizi direnen osasuna, ongizatea eta iritzia kontuan hartu gabe. Horra ikerketa-kazetaritzan dabiltzan Reporter Brasil eta Lighthouse Reports-ek apirilaren 25 honetan plazaraturiko ikerketaren ondorioa

Besteak beste, bi multinazional horiei azukrea bideratzen dien Usina Atena dabil pestizidak zabaltzen. Brasilgo Sao Paulotik 500 kilometrotara kokatua da enpresa, Rancharia izeneko herrian. Bertako herritarren potretak daude ikerketa-txostenean, ikerketan jasotakoa ilustratzeko. Horietariko bat dugu ondokoa, Ivanete Santos izenekoarena, enpresaren hegazkina pasa bezain laster bista galdu zuena:

Ivanete Santos, pestizidak jasotzerakoan bista galdu duena. Argazkia: Reporter Brasil.

Sao Pauloko Estatuko Herri Defendatzaileak eskuratu ahal izan ditu konpainia horientzat lanean dabiltzan baserrien izenak eta bertan erabilitako produktuen izenak. Datuek agerian uzten dute Nestléren bi hornitzaile zuzenek (Copersucar eta Usina São Martinhok), Basf-ek fabrikatutako eta Europar Batasunak debekaturiko pestizidak baliatzen dituztela. Gibeleko minbizia zein ugaltze-aparatuko eta fetuaren garapenean arazoak dira "epoxikonazola" izeneko pestizida hori jasotzearen ondorio batzuk.

Ikertutako Nestléren beste hornitzailea Tereos konpainia da. Brasilgo bigarren azukre ekoizle handiena, batez ere Barretos eta Presidente Prudente eskualdeetan presente dena. Minbiziagatik hildakoen proportzioa beste eskualdeetan baino altuagoa da lurralde horietan: batez beste, 214 eta 180  hildako 100.000 biztanleko, Brasilgo Estatu mailan 138koa delarik. Tiametoxam produktu toxikoa du erabiltzen honek –horren erabilpena ere debekatua dugu Europan–.

Azukre-kanaberez gain, Sao Pauloko laranja-ekoizle anitzek ere dituzte pestizidak erabiltzen. Coca-Cola eta PepsiCo hornitzaileek bifentrinarekin intsektizida barreiatzen dute –FMCk ekoitzitako pestizida hau ere debekatuta dago Europar Batasunean, kantzerigeno eta neurotoxiko gisa sailkatua delako–.

"Lobby toxikoak"

Pestizidak hegazkinez barreiatzea debekatua baldin badugu Europar Batasunean, mundu mailako beste herri batzuetan oraindik baimendurik den praktika da. Brasilen ere debekatzearen aurkako lobby lan handia dagoela salatzen dute Reporter Brasil eta Lighthouse Reports-ek beraien txostenean. Debekuaren aldeko herri mobilizazioa izan arren, herri bakar batzuk dute bakarrik praktika hori debekaturik.