argia.eus
INPRIMATU
Europan, auto berri guztiek izan beharko dute datu-erregistragailu bat
  • "Kutxa beltz" baten modukoa izango da EDR gailua: mikrotxip baten bidez, auto bakoitzaren gidatzeari buruzko datuak gordeko ditu. Derrigorrezkoa izango da uztailetik aurrera.

Gedar @GedarLangileKZ 2024ko otsailaren 20a
Argazkia: 12vpersonalcar.com

Trafiko-istripuetan hildako pertsonen kopurua hutsera jaitsi nahi du Europar Batasunak 2050. urterako. Ustez helburu hori betetzea argudiotzat hartuta, hainbat erreforma ari da ezartzen errepideetan eta ibilgailuetan, Advanced Driving Assistance System (ADAS) delakoaren barruan. Sistema horri lotuta onartu dituzte hainbat neurri; hala nola, erreien mantentzea, larrialdi-egoeretarako balaztatze sistema aurreratua martxan jartzea, neke-detektagailuak ezartzea, abiadura adimenduna sustatzea...

Neurri horien artean erabaki dute auto berrietan "kutxa beltzak" jartzea. Event Data Recorder (EDR) izenez ezagutzen da sistema hori: datu-erregistragailu bat izango litzateke, eta hegazkinetako kutxa beltzen moduan funtzionatuko luke. Ibilgailu bakoitzaren gidatzeari buruzko informazioa jaso eta gordeko luke, mikrotxip baten bidez.

Datorren uztailaren 16tik aurrera, derrigorrezkoa izango da ekoizten diren auto berri guztiek datu-erregistragailu bana eramatea. Sakelako telefono baten tamainakoa da gailua, eta gidariaren eserlekuaren azpian jarriko dute. Autoaren telemetria grabatuko du: abiadura, indarra, balaztatzeak... Teorian, trafiko-istripuak ekidite aldera, gidatzean jarraitu beharreko hainbat irizpide egongo dira martxan, eta markatuta egongo da zer nolako informazioa jaso beharko duten EDR gailuek, "erretentzio sistema" bati eta elementu seinalagarri batzuei jarraikiz.

Teorian, talka bat gertatu baino bost minutu lehenago aktibatuko dira datu-erregistragailuak. Dena den, kritikak jaso ditu sistema berriak, gidarien intimitaterako eskubidea urratu dezakeelakoan. Ohartarazi dute EDR gailuak informazio-iturri bat izan daitezkeela trafiko-zuzendaritzentzat, bestelako agintaritzentzat edota aseguru-etxeentzat.

Momentuz, eta Mapfreren web-orri baten arabera, ibilgailu-ekoizle bakoitzaren araberakoa izango da datuen erregistroa: ez omen dago araututa zer nolakoa izango den "datuen estandarizazioa".