argia.eus
INPRIMATU
Thomas Piketty
“Europako zor publikoa berregituratzeko biltzarra behar dugu”
  • Ekonomialari frantziarrak dio gehiegizko zorra funts komun batean berregituratu beharko litzatekeela: "Zorra kitatuz galtzen dena baino askoz gehiago irabazten baita kitatzearen ondorioz eragiten den hazkundearekin".

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko uztailaren 07a

Thomas Piketty ekonomialariak ‘Le Monde’ren telebistarako Arnaud Leparmentier kazetariari uztailaren 2an emandako erantzunetan Europako herrialdeen zorraren inguruan dituen gogoeta eta proposamenak zehaztu zituen; hona hemen elkarrizketa haren zati hautatuak:

"Sorgin hasi-berrien gisan jokatzen duten europar kontserbadore hauei ez badie François Hollandek Frantziaren betoa ezartzen, kanporatzen badute Grezia era bortitz honetan, haren ekonomia itoaraziz, honek Grezian Europarekiko ekarriko duen gorrotoa ezin pentsatuzkoa izanen da. Tsipras agintetik kentzen baldin badute, eta Grezia Errusiara hurbiltzen baldin bada, ultra-eskuindarrek botoak eta jarlekuak irabazten dituztenean Grezian eta berdin Frantzian… Zeren eta herrialde bat eurotik kanporatuko dutenean, eurotik irteteko diskurtso guztiak indartuko dira. Sorgin izan nahi duten horiek uste dute herrialde oso bat bezatu daitekeela austeritatez, eurotik kanporatuz… Egoera izugarri larria da.

Europa krisitik ateratzeko bi gauza behar dira. Europako zorrari buruzko biltzar handi bat. Europa osoko zorra berregituratu beharra dago, ez bakarrik Greziarena, baita Portugalena ere, Italiarena… BPGaren %60 gainditzen duen zor guztia funts komun batean jarri eta berregituratu beharra dago. XX. mendean bertan bai Alemaniak eta bai Frantziak eduki dituzte BPGaren %200 baino gehiagoko zorpetzeak eta horiek berregituratzeko modua egon da. Ez dago alternatiba bakar bat, badira bide bat baino gehiago, motelak eta azkarrak. Zorra kitatuz galtzen dena baino askoz gehiago irabazten baita kitatzearen ondorioz eragiten den hazkundearekin. Sei hilabete galdu ditugu, zorraren berregituraketaz hitz egin ordez segituko dugu aurreko formula balio gabeekin itzuli-mitzuli?

Bigarrenik, eurogunearen legebiltzar handi bat osatu. Bertara joan daitezela herrialde bakoitzeko legebiltzar bakoitzean hautatuko parlamentariak, biztanleen proportzioen arabera. Parlamentarien biltzar horrek finkatu behar ditu, zorraren berregituratzearen eta gertatu denaren argitzearen ondoren, aurrerako irizpideak: defizit publikoen helburu eta mugak, inbertsio publikoei dagozkienak, berregituratu zorraren ordainketaren erritmoak…

Moneta komuna daukagunez, horren gobernu demokratikoa behar dugu. Erabakiak demokraziaz eta egun argitan hartu. Ez, Greziarekiko negoziaketetan ikusi dugun bezala, horrelako iluntasun itzelarekin".