argia.eus
INPRIMATU
Europako zahar-etxe pribatuetako kudeatzaileek etekin ekonomikoa lehenesten dutela salatu du Europako Kontseiluak
  • Pandemiak eragin handiena erresidentzietan izan du, Europan hildakoen erdiak bertan hil dira. Datu hori ausazkoa ez dela adierazi du Dunja Mijatovic Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Komisarioak; erresidentzia askotan material eta langile falta “kronikoak” direla adierazi du, kudeatzaileek etekin ekonomikoa lehenesten dutelako.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 21
Dunja Mijatovic, Europako Kontseiluaren Giza eskubideen Komisarioa. Argazkia: FENA.NEWS.

Zahar etxeetan bizi duten egoera salatu du Mijatovicek; hildakoen kontaketetan gorabeherak egon direla, eta gaixotu diren erabiltzaile asko bakarrik eta senideek horren berri izan gabe hil direla.

Langileek beren jardunari dagokion ordaina jaso behar dutela gehitu du. Beren lana “hil ala bizikoa” izan bada ere, segurtasun materiala eta kutsatzea aurreikusteko eta kontrolatzeko neurriak falta izan direla adierazi du.

Bereziki larria iruditu zaio zenbait estatutako erresidentziek, Espainiako Estatukoak barne, izan duten kudeaketa “kaotikoa”. Zaharren egoitzetan hildako egoiliarrak aurkitzea, edo erresidentzietatik joandako pazienteak ospitaleetan ez onartzea oso larria dela adierazi du Komisarioak.

Giza Eskubideen Europako Itunak jasotzen duen bizitzarako eskubidea gogorarazi die estatu kideei, eta mota horretako gertaerarik berriro gertatu ez dadin ikasteko eskatu die.