Europako hegaztien kopurua nabarmen jaitsi da azken 30 urteetan, Alemaniako Gobernuak jakinarazi eta Der Spiegelek jaso duenez. Europar Batasuneko landa eremuetan espezie ugaltzaileen %57 desagertu da.
Exeter-eko Unibertsitateko ikerketa baten arabera, Europan 421 milioi hegazti desagertu dira azken hiru hamarkadetan. Bioaniztasunaren galera “globala eta aurrekaririk gabea” dela ohartarazi dute ikertzaileek. Arrazoiak ugariak dira: habitat gabezia, pozoien erabilera, kutsadura eta aldaketa klimatikoa dira garrantzitsuenak.
Ecologi Letters aldizkariaren ikerlan batek ohartarazi du desagertutako txorien %90 espezie komunenetakoak direla: txolarrea, hegatxabala, eperra eta abarzozoa, besteak beste. Desagertzeko zorian dauden espezie bereziak babesteko ahaleginek hegazti arruntak alde batera uztea eragin dutela azaldu dute ikertzaileek.
Txoriek ingurumenaren orekarako duten garrantzia azpimarratu dute: nekazaritza izurriteak kontrolatzeko eta landareei haziak banatzen laguntzeko eta beste espezieen gorpuzkiak kentzeko beharrezkoak dira, besteak beste. “Gaur egungo ingurugiroaren kudeaketa sostengaezina da txorientzako”, gaineratu dute.