argia.eus
INPRIMATU
Europako Parlamentuaren sariari uko egin dio Greziako klinika autogestionatu batek
  • Greziako Metropolitan Community Clinic in Ellinikok errefusatu egin du Europako Parlamentuak emandako Urteko Europako Herritarra saria. Ellinikon aurkitzen den osasun zentroak asistentzia sanitarioaren hedadura galdu duten pertsonak artatzen ditu.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 20a
2011n ireki zuten Ellinikoko klinika autogestionatua asistentzia sanitarioaren hedadura galdu duten pertsonak artatzeko.

Klinikako kideek adierazi dute “zeharo hipokrita” litzatekeela saria jasotzea: “Europak ezikusiaren egiten du elikatu gabeko umeen, aseguru gabe dauden eta ondorioz kantzerrez hiltzen diren pertsonen eta ez argirik, ez urik ez janaririk ez duten pertsonen aurrean”. Hala ere, “gizarte justuago baten alde” lau urtez egindako lanaren errekonozimendutzat hartu dute saria, baina, gogoratu dute euren “borroka” EBZ, FMI eta Europar Batasunaren politiken ondorioz, segurtasun sozial gabe eta pobrezia egoeran larrian dauden 3 milioi greziarrengatik dela.

Klinikako kideek sariak Bruselara eskaintzen zien bidaia aprobetxatu nahi zuten Greziari ezarritako austeritate politiken aurka kanpaina egiteko. Horren berri izan zutenean, Sylvie Guillaume Europako Parlamentuko presidenteordeak hegazkineko billeteak eta ostatua erretiratu zien. Guillaumeren esanetan, zeremonia egindako lana saritzeko tokia da, eta ez zen erabili beharko “beste helburu” batekin.

Horri erantzunez, Elliniko klinikako kolektiboak argi utzi du ez dituztela arbuiatzen Europa edo Europako herritarrak: “Herritarrak zenbaki moduan tratatzen dituzten erakunde eta politikarien aurka gaude, Europako Parlamentua barne”.

Greziako pobreziaren datuak argitara

Elliniko klinikako kolektiboak, Prolepsis Institutionek Greziako pobreziaren inguruan argitaratutako datuen berri ere eman du. Ikerketaren arabera 3,8 milioi greziar pobrezia mailatik gertu bizi dira, eta 2.5 miloi maila horren azpitik (Greziak 11 milioi biztanle ditu). Atenasen ikertutako 64 eskolatan ikusi dute hamarretik sei ikaslek ez dituztela betetzen nutrizio-beharrizanak. Kaleratutako beste datu batzuen arabera, Greziako ikasleen %11k ez du osasun asegururik eta 1.053 ikastetxek elikaduran laguntzeko programetan eman dute izena, 152.937 ikaslek elikadura beharrizanak betetzeko.