argia.eus
INPRIMATU
Europako parlamentuaren osaketa behin behineko emaitzen arabera
  • Igandeko hauteskunde europarretako behin behineko emaitzak eskuan, goiko grafikoak erakusten du nola geratuko litzatekeen parlamentua. Europako Alderdi Popularreko bloke kontserbadoreak jarraitzen du nagusi izaten, baina 221 ordezkaritik 180ra pasako da. Antzeko zerbait gertatu zaie sozialdemokratei ere: bigarren indarra dira, baina 2014an zeuzkaten 191 ordezkarietatik 146 geratzen zaizkie orain.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 27a

Bi bloke nagusien beherakada hori eskuin muturrak probestu zezakeela zioten inkestek, baina momentuz berdeek (19 ordezkari gehiago) eta batez ere liberalek (42 eserleku gehiago) baliatu dute egoera. Nolanahi ere, kontserbadurismo tradizionalaren eskuineko espazioa hazkundean dago: Italiako eta Frantziako emaitzek erakusten dute eskuin muturra bultzaka datorrela; eta hedabide askotan etiketa horretan sailkatzen ez dituzten beste zenbait alderdi ere (Hungairako Fidesz edo Poloniako PiS, adibidez) nagusi dira euren herrialdeetan. Kontrara, GUE/NGL taldean biltzen diren ezkerreko alderdiek beheranzko joera hartu dute hauteskunde hauetan: 52 ordezkaritik 39ra pasa dira.