argia.eus
INPRIMATU
Europako Parlamentuak webgunean gehitu ditu Junqueras, Puigdemont eta Comínen fitxak
  • Asteartetik, Oriol Junqueras, Carles Puigdemont eta Toni Comínen fitxak gainontzeko europarlamentarienekin batera aurki daitezke Europako Parlamentuaren webgunean.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 07a

Europako Parlamentuak Oriol Junqueras, Carles Puigdemont eta Toni Comín europarlamentari gisa onartu zituen astelehenean, eta asteartean beren fitxak igo ditu webgunera. Oraindik fitxak osatzear badaude ere, hiru politikarien izenak aurki daitezke gainontzeko ordezkarien artean.

Europako Parlamenturako maiatzaren 26ko bozetan herritarrek aukeratuta izan ondotik, Junquerasen inmunitatea aitortu zuen Europako Justizia Auzitegiak abenduan; hala bada, bere kontrako zigor neurriak indargabetzat jo ditu.

Iragan astean, baina, Junqueras inhabilitatzeko agindu zuen Espainiako Hauteskunde Batzordeak, PSE eta ERC Pedro Sanchezen presidentzia negoziatzen ari zirela. Europako Justiziak bereari eutsi dio ordea, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpen faltan. Europako Parlamentuak, esleitu egin zion astelehenean Junquerasi Espainiako Hauteskunde Batzordeak ukatu nahi dion eurodiputatu estatusa.

Carles Puigdemont eta Toni Comín datorren astelehenean bilakatuko dira ganberako diputatu; abenduan behin-behineko eurodiputatu akreditazioak jasota, datorren asteko saioan parte hartu ostean. Gorenaren esku dago Junqueras saio horretan egon ahal izatea.

Europako Justizia Auzitegiak abenduan jakinarazitako epaiaren ondorioz onartu ditu Junqueras, Puigdemont eta Comín europarlamentari gisa Europako Parlementuak. Maiatzeko bozetarako aukeratu zuten Junqueras, eta hargatik prozesu subiranistaren kontrako epaiketan inmunitatea zuela deritzo.

Europako Parlementuaren arabera, Junqueras, Puigdemont eta Comín parlamentu berria osatu zenetik dira eurodiputatu; 2019ko uztailaren 2tik, alegia.