Erreskataturiko herrialdeetan Troikak ezartzen dituen neurrien kostu sozialak gaitzetsi ditu Europako parlamentuak txosten batean. Gobernuei dei egin die osasun eta hezkuntza alorreko gastu publikoa inbertsio gisa kontuan hartzera
Troika osatzen duten hiru erakundeek (Europako Banku Zentrala, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Batzordea) “krisialdia gainditzeko” egin duten lana aitortu dute. Europar Parlamentuak “lur-jotzea” saihestu dela onartu du, baina hartutako neurrien ondorioz langabezia eta pobrezia areagotu direla.
Europar Batasuneko helburu sozialak arriskuan jarri direla ere ohartarazten da idazkian.
Pentsioetan eta oinarrizko zerbitzuetan egindako murrizketei uko egin die parlamentuko txostenak. Erabakietan zilegitasun eta gardentasun falta egon direla dio eta hartutako neurrien ondorioak arintzeko zereginak hartzeko eskatu die troikari.
Eurodiputatuek Troikaren birplanteamendu beharra nabarmendu dute. Europar Moneta Funtsa sortzeko eskakizuna egin dute, gaur egungo Europar Batzordearen zereginak hartuko lituzkeena, baita Nazioarteko Diru Funtsaren partaidetza aukerazkoa izatea eta Europako Banku Zentrala "ikusle isila" izan dadila ere.
Duela hilabete batzuk Europar Parlamentuak Ramon Tremosa ekonomialariak sustatutako Espainiako banku-erreskatean izandako jardunak gaitzesten zituen txostena onartu zuen.