Parlamentuak Europako Batzordearen proposamena onartu du. Ondorioz, orain arte energia berriztagarriek soilik jaso zitzaketen diru-laguntzak eskuratu ditzake gasaren eta energia nuklearraren industriak. EAJk aldeko boza eman du.
278 parlamentarik bozkatu dute Europako Batzordearen proposamenaren alde, 238k aurka, eta 33 abstentzio izan dira. Proposamenaren zirriborroak jada kontrakotasun handiak sortu zituen adituen artean zein hainbat estatutan. Europako Batzordeak onartu zuen energia nuklearra eta gasa ez direla ez berriztagarriak ez klimatikoki neutroak, baina argudiatu zuen karbonorik gabeko ekonomia baterako trantsizioan beharrezkoak direla. Neurria bera zein energia arloko enpresa handien lobby lanak prozesu horretan izan duen garrantzia sakon aztertu zituen Jenofa Berhokoirigoin kazetariak erreportaje honetan. Greenpeacek otsailean salatu zuen neurria "zientziaren aurkakoa" dela eta "sinesgarritasuna" kentzen dioela "EBk klimaren eta ingurumenaren arloan duen lidergo-asmoari".
Austria eta Luxenburgoren helegitea
“Ez da sinesgarria, ez asmo handikoa, ez eta zientzian oinarritutakoa ere, gure etorkizuna arriskuan jartzen du eta arduragabea baino gehiago da”, adierazi du Europako Parlamentuak onartutako neurriaz Austriako Energia eta Ingurumen ministro Leonore Gewessler-ek. Austriako Gobernuak iragarri du helegitea aurkeztuko duela Europako Justizia Epaitegian, eta Luxenburgok ere berdin egingo duela.
EAJ alde
EAJk aldeko bozka eman du Europako Parlamentuan. “Ukrainaren inbasioaren ondoren energiaren merkatuan sortu diren salbuespenezko inguruabarrak direla eta, aurreikusitako plana egokitu behar da trantsizio energetikoari ekiteko”, azaldu du alderdiak bere posizioa. EAJren irudiko, trantsizio energetikoa “ezin da egin, ez industriaren aurka ez pertsonen aurka, eta bizi ditugun salbuespen egoeran, Europako Batzordearen proposamena da modu pragmatiko eta errealistan heltzeko modu bakarra”.