argia.eus
INPRIMATU
Europako Parlamentuak argi berdea eman dio autoen emisio mugak handitzeari
  • Europako Legebiltzarrak ez dio betorik ezarri 2015eko urrian Europako Batzordeak (EB) egindako proposamenari: autoen nitrogeno oxido emisioen gehienezko mugak handitzea datozen urteetan. Legebiltzarreko Ingurumen Batzordea proposamenaren aurka agertu eta neurria geldiarazteko eskatu zuen, baina parlamentariek eskari horren kontra bozkatu dute Estrasburgon egindako saioan.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko otsailaren 04a
Batzordearen proposamena atzera bota nahi zutenen esanetan, bozketaren emaitza orain arte egindako iruzurrak legeztatzearen parekoa izango da (Arg.: Vincent Kessler).

317 legebiltzarkidek eman dute Ingurumen Batzordeak proposatutako betoaren aldeko botoa, eta 323k kontrakoa. Hala, EBren proposamenak aurrera egingo du, auto fabrikatzaileen mesederako.

Zein da ondorioa?

Volkswagen eskandaluaren harira, Europako Batzordeak autoen emisio test sistema berria proposatu zuen: probak errepidean egin beharko dira, baldintza errealetan, eta ez laborategietan. Baina era horretan oso zaila izango da autoek indarrean dagoen legedia betetzea. Europako Batzordeak berak emandako datuen arabera, gaur egungo NOx emisioak legeak baimentzen duena baino lauzpabost aldiz handiagoak dira.   

Auto fabrikatzaileek presio egin dute Bruselako korridore eta bulegoetan, aldaketetara egokitzeko denbora behar duela argudiatuz, eta lobby lan horrek fruitu eman du: Europako Batzordeak urrian proposamenaren arabera, autoek orain baino %110 gehiago igorri ahal izango dute 2017-2019 bitartean –gaur egungo kilometroko 80 miligramotik 168ra igoko da muga–, eta %50 gehiago 2020tik aurrera.

Europako Industria komisarioak, Elzbieta Bienkowskak, iragarri du etorkizunean araudia gogortuz joango dela, baina epe zehatzik finkatu gabe, aipatutakoez landa.

Erreakzioak

Zenbait legebiltzarkideren arabera, Batzordearen proposamenari argi berdea ematea orain arte industriak egindako iruzurrak legeztatzearen parekoa izango da. Equoko Florent Marcelessiren esanetan, “2007tik indarrean dagoen legedia betetzeko inolako ahaleginik egin ez duen industriari mesede egingo dio erabaki honek”.  

Berdeen taldeko Ernest Urtasunen ustez, indarrean dauden mugak betetzeko teknologia existitzen da. “Gauzak ondo eginez, urtero 75.000 heriotza saihestuko lirateke Europako hiriguneetan. Proposatutako araudia anakronikoa da”.

Neurriaren aldekoek, berriz, argudiatzen dute muga berriekin lortu egingo dela kutsadura gutxitzea, aldi berean auto-fabrikatzaileei test berrietara egokitzeko denbora emanez. “Kontuan hartu behar da gaur egungo NOx emisioek %400 eta %500 bitartean gainditzen dutela legeak dioena. Onartu denarekin, airearen kalitatea hobetuko dugu enpleguari kalte egin gabe”, adierazi du Giovanni la Via popularrak