Europako Osasun Datuen Esparrua prestatzen ari dira, datu genomikoak partekatzeko, biltegiratzeko eta teleosasuna garatzeko. "Datu biomedikoak lehen mailako osasun-helburuekin erabiltzeko" esparru etiko-legal bat ere diseinatzen ari dira horretarako. Nafarroako Gobernuaren NASERTIC enpresa publikoak parte hartuko du honetan. Osasuna norantz garatuko den ezagutu nahi?
Nafarroako Gobernuak, NASERTIC enpresa publikoaren bitartez, 2022 EU4HEALTH (2021-2027) Lan Planean parte hartuko du. Proiektu europar honek osasun-datuak biltegiratzeko eta kudeatzeko sistema garatu nahi du.
Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, NASERTICek Nafarroako Medikuntza Pertsonalizatuaren Estrategia Integralaren esparruan duen esperientzia, ezagutzak eta bitartekoak jarriko ditu proiektu honetan. NASERTICen ekarpena baliagarri izango omen da datu genomikoak biltegiratzeko, kudeatzeko eta integratzeko aukera emango duten analisi bioinformatikoen eta azpiegituren eta plataformen prozedurak eta estandarrak ezartzeko. Nafarroako Gobernuaren albisteak dio esparru "etiko-legal bat diseinatu eta ezartzeko" oinarriak eta ekintzak jartzen ere lagunduko duela enpresa publiko honek, "datu biomedikoak lehen mailako osasun-helburuekin erabiltzeko", batez ere "pazienteen zaintzan" zentratuta.
Programa honetan parte hartzen duten estatuei zuzeneko diru-laguntza eman zaie Osasun Datuen Europako Esparru bat prestatzeko. Elkarlan honekin zera landu nahi dute:
- Irudi medikoen, laborategiko emaitzen eta altako agirien elkarreragingarritasuna lantzea, historia kliniko elektronikoen Europako formatu bat sortuz.
- Teleosasunaren, osasun mugikorraren eta beste programa informatiko sanitario batzuen elkarreragingarritasuna.
- Osasun arloko profesionalek eta pazienteek identifikazio elektronikoa erabiltzea, Nortasun Digitalaren Europako Esparruaren bilakaera kontuan hartuta.
- Mugaz gaindiko teleosasuna, zaintza barne.
- Ongizateko aplikazio mugikorren kalitatea ebaluatzea.
- Historia kliniko elektronikoen, datu sanitario pertsonalen espazioen eta osasunaren arloko beste programa informatiko batzuen elkarreragingarritasuna ebaluatzea.
- Ongizateko aplikazio mugikorren kalitatea.