argia.eus
INPRIMATU
Europako Onkologia Elkarteak Nafarroako mediku bat saritu du prostatako minbiziaren tratamenduei buruzko ikerlanagatik
  • Ignacio Visus medikuaren ikerlana saritu du Europako Onkologia Elkarteak. Visus Nafarroako Ospital Unibertsitarioan ari da lanean, Onkologiako Radioterapia atalean. Saritu duten Visusen lanak zera ondorioztatu du: arrisku handiko prostatako minbizia duten gaixoek bizirik irauteko aukera handiagoa dutela brakiterapia teknikaren bidez.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 08a
Ignacio Visus medikua saritu du Europako Onkologia Elkarteak. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Europako Onkologia Elkarteak brakiterapia alorrean Lanik Berritzaileenaren Saria ematen du eta 2022koa Ignacio Visusi emango dio, maiatzaren 6an Kopenhagen (Danimarka) egingo duten kongresuan.

Iazko urtean Nafarroako Ospital Unibertsitarioan 479 brakiterapia prozesu egin zituzten, eta hauetatik %26 prostatako minbizia zutenei zuzenduak izan ziren.

Zer da brakiterapia?

Minbiziaren aurka gehien erabiltzen den tratamendua radioterapia da (gaixoen %60k radioterapia hartuz hasten du tratamendua). Kasu askotan, radioterapiarekin batera ebakuntzak edo kimioterapia erabiltzen dira.

Brakiterapia teknika bat da, zeinak erradiazio dosi oso altuak aplikatzen dituen zuzenean tumorean. Nafarroako Gobernuak eman dituen azalpenen arabera, teknika honek dakar erradiazio dosi txikiagoa bideratzea osasuntsu dauden organoetara, eta ondorioz, gaixoen bizi kalitatea hobetzea.

Nafarroako Ospital Unibertsitarioa 2008an hasi zen brakiterapia erabiltzen eta minbizi klase hauetan erabiltzen da: prostatakoak, ginekologikoak, bularrekoak, azalekoak, sarkomak, eta abar.

Visus medikuaren lanak erakutsi du brakioterapiak biziraupena handitzen duela

Ignacio Visusen lanak aztertzen du prostatako tumore hiltzaileenak dituzten gaixoengan zein onura dakartzan brakiterapia tratamenduak. Ikerketa honek bi gaixo taldetan jasotako emaitzak aztertzen ditu: gaixo talde batek hormona tratamendua eta kanpoko radioterapia jaso zituen; beste gaixo taldeak brakiterapia ere jaso zuen, kanpoko radioterapiaz eta hormona tratamenduaz gain.

Brakiterapiarik jaso ez zuten gaixoen %92 zeuden bizirik bost urtera. Aldiz, brakiterapia jaso zuten gaixoen %97 zeuden bizirik bost urtera.