argia.eus
INPRIMATU
Europako migrazio politikak salatzeko “Herrien besarkada” ekimena aurkeztu dute Artean
  • Maiatzaren 5ean egingo dute ekimena, sarri “ezkutuan” geratzen den elkartasuna ikusarazteko asmoz. Horretarako elementu sinboliko bat erabiliko dute: besarkada

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2018ko azaroaren 12a
Argazkia: Ecuador Etxea

Azaroaren 12an egin dute aurkezpena Artean (Bizkaia), errefuxiatuen egungo egoeraren inguruko hainbat hitzaldi eta dinamikaz jositako asteburuaren barruan.

Antolatzaileen ustez, Europan hedatzen ari den “neofaxismoari aurre egitea” ezinbestekoa da. Euren iritziz, errua migratzaileei botatzen zaien arren, finantza-eliteak eta gobernuen politika neoliberal eta patriarkalak dira egungo arazoen sortzaileak: delinkuentzia, matxismoa eta langabezia, besteak beste.

Hori dela eta, “Herrien besarkada” izeneko mobilizazio bateratua egitea proposatu dute. Horren bidez, Europa “diskriminatzailearen” aurrean, etortzen direnei harrera egiteko, elkartasuna adierazteko eta babesa emateko beso zabalik daudela adierazi nahi dute, besarkada elementu sinboliko gisa erabiliz.

Europako hainbat hiri eta herritan egingo dute mobilizazioa, 2019ko maiatzaren 5ean eguerdiko 12:00etan, eta zenbait ardatz nagusi izango du.  Lehenik eta behin, adierazi nahi dute giza eskubideen krisiaren arduradun nagusiak instituzioak eta elite politikoak direla. Bigarrenik, desplazamendu bortxatuak salatu nahi dituzte, baita giza eskubideen defentsan ari diren pertsonen kriminalizazioa ere. Azkenik, munduko pertsona guztien bizileku-eskubidea eta zirkulazio askea aldarrikatuko dituzte.

Arteako plazan aurkeztu dute ekimena. Argazkia eta bideoak: Ainhoa Brestos