argia.eus
INPRIMATU
Etxerat Europako Legebiltzarreko lehendakariordearekin bildu da
  • Astearte goizean Dimitrios Papadimoulis (Syriza) Europako Legebiltzarreko lehendakariordeetako batek harrera egin die Bruselan Etxerat elkarteko ordezkariei. Flandriako Legebiltzarreko ordezkaritzak ere hartu ditu presoen senideak.

ARGIA @argia 2015eko martxoaren 04a
Dimitrios Papadimoulis Europako Legebiltzarreko lehendakariordeak harrera egin die Etxerateko senideei. (Arg.: Etxerat).

Etxerat elkarteko ordezkaritza astelehenean abiatu zen Bruselara. Elkartearen helburua sakabanaketa politikaren berri ematea da eta Europako Batasunak ere berau amaitu dadin lagundu dezan lortzea: "Ez da posible gaur egungo Europan 500 familia gabiltzan bezala ibiltzea, kilometroak eginez, ekonomikoki esan nahi duen guztiarekin, eta Europak beste aldera begiratzea", adierazi zuen astelehenean Maider Alustiza bozeramileak Loiuko aireportuan, ordezkaritza Bruselara abiatu aurretik.

Sakabanaketaren kaltea oso handia dela iritzi dio elkarteak eta haien ustez presoen senideei ere aitortu egin behar zaie 25 urtetan eragindako mina. Ordezkaritzaren ustez, honek balio beharko luke Espainiak duen jarrera Europan ere zabaltzeko eta Madrilentzat kostu politiko bat izan dezan.

Orain arte Bruselan egindako bisitak honakoak dira, Etxeratek prentsa oharrean jakinarazitakoaren arabera:

"Etxerateko ordezkaritza banatu behar izan da agendan aurreikusita zeuden zita guztietara iristeko. Horrela, Flandriako Legebiltzarreko harrera ofizialarekin hasi da eguna. Ostean, Flemish Peace Institute –ean bilera izan dute ere euskal preso politikoen senide eta lagunek. Bitartean, Europako Legebiltzarrean interpelazio lanean ari zen taldeak Malin Bjork, Lidia Senra, Bart Staes eta Marck Demesmaeker europarlamentariekin bilerak ospatu ditu. Malin Ventespartiet alderdiko kidea da eta GUE/NGL taldeko presidente ordea, Lidia Senra ANOVA-ko kidea, Bart Staes flandestarra De Groen alderdiko kidea da, Greens /  EFA taldekoa eta Mark Demesmaeker N-VA taldekoa".

Etxeratek jakinarazi duenez, halaber, astelehenean jaso zuen Covitek zuzendutako gutuna. Bertan, Covitek eskatzen dio Etxerati dei egiteko ETAko presoei erakunde armatua gaitzetsi eta beren senitartekoen hilketak argitzen lagun dezaten. Presoen senideen esanetan, prest dira elkarte honekin bildu eta batzuen zein besten minaz hitz egiteko.

Euskal presoen aldeko elkartea ekimen ugari ari da bideratzen azken asteotan eta otsailaren 25ean Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu zen, EAEko lehendakari batekin egindako lehen bilera ofizialean.