argia.eus
INPRIMATU
Europako Legebiltzarrak Zubietako Erraustegiaren ikerketarekin jarraitzen duela dio GuraSOSek
  • Maiatzaren 29an Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen Europako Legebiltzarrak Zubietako Erraustegia ez ikertzea erabaki zuela eta horrela GuraSOSen eskaria atzera botatzen zuela.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 05a

Erraustegiaren aurkako elkarteak gogor salatu zuen Aldundiaren esanak, jakinaraziz Legebiltzarrak oraindik ez diola arazoaren muinari heldu eta hori ahal dela erakusteko, erakutsi du ekainaren 2an elkarteak bidalitako mezuari Dolors Montserrat Eskarien Batzordeko lehendakariak ekainaren 4an emandako erantzuna. Elkartearen esanetan, beraz, legebiltzarreko batzordeak dagokionean aztertuko du hark 2018an erraustegiari buruz egindako eskaera.

GuraSOSek agiriz azaltzen du batzordeko presidenteak erantzun diona: “Berak zuzentzen duen Eskaera Batzordeak 2018ko azaroan onartu zuen Zubietako erraustegia dela-eta GuraSOSek egindako eskaera ontzat hartzea. Horrekin batera, Europako Batzordera igortzea gaiaren inguruko aurretiazko ikerketa bat egiteko, eta Europako Parlamentuko Ingurumen, Osasun Publiko eta Elikagai Segurtasun Batzordeari informatzeko”.

Ondoren –jarraitzen du gutunak- joan zen 2020ko maiatzaren 15ean, Eskaera Batzordeak Europako Batzordeko erantzuna jaso zuen ingelesez, bere kideak informatzeko. Kideei zuzentzen zaien komunikazioa hori da, hain zuzen ere, Eskaera Batzordeak erabiltzen duen dokumentua da gaiaren mamia aztertzeko eta gaiarekiko Europako Batzordeak duen posizionamendua aztertzeko. Dokumentu horrek ez du agertzen, inondik ere, Eskaera Batzordeak hartutako erabakia. Behin eskaerak onartuta, eguneroko lanaren jardunean aztertzen dira; ohiko bilera batean egiten den eztabaidetan zein idatzizko prozedura baten bitartez”.

Hemen lehendakariaren agiria, gaztelania:

 

GuraSOSek gogor salatzen du Aldundiaren jarrera, kasu honetan fake news egin duela adieraziz eta afera “erraustegiaren ezarpen prozesuaren ahulezia testuinguruan kokatzen du”. Iragartzen du, halaber, erraustegiak dituen arazo juridikoen berri emango duela datozen asteetan.

Agirian dioenez, Zubietako Erraustegiak gero eta gaitzespen sozial handiagoa du: “Jendarteak trantsizio ekologikorako gero eta sentsibilizazio handiagoa du, eta horrelako azpiegitura gehiago ez eraikitzeko Europako politikak abiatu dira –berriena erabilera bakarreko plastikozko ontzi eta tresnen erabileraren debekua, horiek dira erraustegien erregai nagusia-. Azken batean, ziurgabetasunaren itsasoan noraezean doan barku batean bihurtu da”.