argia.eus
INPRIMATU
Europako hizkuntzen maparen alde argazki masiboa egitera deitu du Bagerak
  • Donostiako Egia auzoan dagoen Europako hizkuntzen mapa ez lekualdatzeko eskatuz argazki masiboa egitera deitu du Bagerak ostiralerako. Martxoaren amaieran Donostiako Udalak mapa lekuz aldatzeko asmoa duela zabaldu ostean, sare sozialetan #MapaEzIkutu aldarrikapena ikusgarri egin dute euskaltzaleek.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 07a
Deialdia egiteko zabaldu duten irudia.

Martxoaren 10erako egin duten deialdia, 18:30ean. Irutxuloko Hitzak gogoratu duenez, ostiralean urte bat beteko da mapa jarri zutenetik, eta urtemuga baliatuko dute atxikimendua adierazteko. Hau izango da argazki masiboaren leloa: "Hizkuntza txikiek mundua handitzen dute, egin ditzagun ikusgarri".

Hizkuntza txikiak ikusgarri egiten dituen mapa

Manex Izagirrek eta Iñaki Rifaterrak egindako lana da. Donostian hitz egiten diren Europako jatorrizko 91 hizkuntza biltzen ditu. Hizkuntza bakoitzak egurrezko pieza bat du. 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan hizkuntz aniztasuna sustatzeko Euskarriak proiektuko parte da artelana.

Maparen ondoan lelo hau irakur daiteke hizkuntza gutxituetan idatzia: "Hizkuntza txikiek mundua handitzen dute".

Donostiako euskaltzaleen Bagera elkarteak mapa ez kentzeko eskatu du.