argia.eus
INPRIMATU
Europaren historiako urterik beroena izan da 2019a
  • Kontinenteko tenperatura erregistratzen denetik 2019a izan da inoizko altuenak bildu dituen urtea; urterik beroenen zerrendan atzetik doaz 2014, 2015 eta 2018. Horrez gain, Europako hamabi urte beroenetatik hamaika 2000. urtetik aurrera izan dira .

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 23a
Europako historiako urterik beroena izan da 2019a. Argazkia: Ăšltima hora.

Kopernikusen Aldaketa Klimatikorako Zerbitzua (C3S) izan da datuak kaleratu dituena, bere urteroko txostenean. 2019an, gainera, ekaineko eta uztaileko tenperatura altuek (ohikoak baino 3 edo 4ºC altuagoak) Europako zenbait lurraldetan sikateak eragin zituzten, landarediari eraginez. Dokumentu horrek gehitu du mundu osoko tenperaturen azken bost urteetako bataz bestekoa industria aurreko garaian baino 1,1 ºC altuagoa dela; Europako kasuan, 2ºC altuagoa da.

Artikoan ez zen horrenbeste igo tenperatura, errekorren azpitik geratu dira datu berriak; hala ere bataz beste 0,9ºC gehiago egon dira. Europan egon diren bero-boladek ohikoak baino tenperatura altuagoak eragin zituen Europako iparraldean, eta ondorioz, Groenlandian inoiz baino glaziar zati handiagoak urtu ziren.

Negutegi efektua ere gora

Kausalitateak bultzatuta, negutegi efektuko gasen errekorra ere lortu zuen 2019ak. Karbono dioxido (CO2) eta metano (CH4) emariak hazi egin ziren. Azken urteetan etengabe egin dute gora gas horien emariek; hala ere, 2019ko datuetara heltzeko, historian “milioika urte atzera” egin beharko litzateke, adierazi dute zenbait adituk.