argia.eus
INPRIMATU
Turismoaren Nazioarteko Eguna
“Europako hirien sarea osatzen ari gara, industria turistikoari nazioarte mailan aurre eginez”
  • Nazioarteko Turismoaren Eguna dela eta Bartzelonako Assemblea de Barris per un Turisme Sostenible (ABTS) kolektiboak oharra kaleratu du. Egoera txarra izan arren, ospatzekoak ere badaudela azpimarratu nahi izan dute, tartean Donostiak turismoari aurre egiteko duen herri mugimendua txalotuz.

Assemblea de Barris per un Turisme Sostenible (ABTS) @@AssBarrisTS 2017ko irailaren 27a

Turismoaren Nazioarteko Eguna: ospatzeko gutxi, baina zerbait bai

 

Gaur irailaren 27a, Turismoaren Nazioarteko Eguna da. Jakina denez, ABTS-n oso ikuspegi kritikoa dugu hiriko turismo industriaren gainean. Xehetasun gehiegitan sartu gabe, ondorio negatibo nagusiak honela laburbildu daitezke: bizilagunen kanporatzean faktore katalizatzailea da, etxebizitzak hotel edo pisu turistiko bihurtzen dituztelako eta funts putreek gure etxeez baliatu nahi dutelako beren erakargarritasun turistikoagatik; lan merkatuaren prekarizazioa; egunerokotasunerako komertzioen ordez, alferrikako negozio turistikoak irekitzea; kaleen eta plazen masifikazioa, honek dakartzan mugikortasun arazoekin, garraioen saturazioa, airearen kutsadura, hiperkontsumo turistikoari lotutako zaborraren ugaritzea… eta globalki, lotura sozial eta komunitarioen haustura: bizileku den hiriaren haustura.

Arazoaren pertzepzio sozialean asko aurreratu dugu (oraintxe hiriko biztanleriarentzat lehen arazoa da) eta Bartzelonako kontakizun turistikoari dagokionez, lobbyen maitagarrien ipuinetatik alde egin eta kanporaketak bizi ditugunon beldurrezko istorioetara pasa gara.

Baina deshazkunde turistikoaren bidea hartzetik urrun, urtez urte turisten errekorrak hausten ari gara. Aurten, hiriak jasan duen atentatu terrorista gogorraz gain, abuztuko kopuruek pasa den urtekoak gainditu dituzte, edozein urtetakoak. Eta oraindik ikusi behar dugu lobbyek eta administrazioek nola aprobetxatzen duten honelako egoera mingarria funts publikoak hiriaren promoziora bideratzeko.    

Hala ere, Turismoaren Nazioarteko Egun honetan badugu zer ospatua ere. Ospatuko dugu pasa den larunbatean Balear Uharteetako kideek #FinsAquiHemArribat manifestazio jendetsua egin izana, eredu ekonomikoaren aldaketa eskatuz. Ospatuko dugu asteburu honetan Veneziako Comitato No Grandi Navi-k jardunaldi arrakastatsuak antolatu dituela Europar Lurraldeen Defentsan, kontinente osoko kolektibo ugarirekin, ABTS barne. Ospatuko dugu duela astebete Lisboako etxebizitza eta turismoko topaketetan izan ginela, eta ostiralean Donostian izango garela gainexplotazio turistikoaren mugimenduaren sorreran, duela bi urte izandako topaketa aberasgarrien ostean.

Ospatuko dugu, finean, Europako hirien sarea osatzen ari garela, industria turistikoari nazioarte mailako diskurtso kritikoa osatuz eta herritarren benetako interesetan oinarrituz: deshazkunde turistikoa mugak gainditu dituen leku horietan, frenoa eta kontrola turistifikazioa horren garatuta ez dagoen lekuetan. Palma, Venezia, Valentzia, Lisboa, Madrid, Erroma, Donostia… eta auskalo zenbat gehiago!

Lanean ari gara eta laster berri gehiago emango dugu.